Suhiltzaileek ia kontrolpean dute Elgeako mendilerroan piztu den sutea
Beste baso sute bat piztu da Euskal Herrian. Atzo iluntzean piztu zen sua 20:00ak aldera Arriola eta Narbaiza artean (Araba), Elgeako mendilerroan, Gasteiztik 25 kilometro ingurura. Hego haizeak lagunduta, sua zabaldu egin da gauean zehar, eta suhiltzaileek 13:00ak alderako lortu dute hura mugatzea, eta arratsaldean «ia erabat» kontrolatzea. Datozen orduetan haizea baretzeko zain daude, eta gaur gauean ere lanean segituko dute. Arabako Foru Aldundiak azaldu duenez, suhiltzaileak lanean aritu dira gau osoan zehar, baina azken egunetan euririk egin ez duenez eta mendia «zikin» dagoenez, azkar hedatu dira sugarrak. Erre direnak, batez ere, sastrakak eta iratzeak direla kontatu dute. 🔥 Atzo 20:00ak aldera Elgeako mendilerroan piztutako baso-sutea gau osoan egon da piztuta. 11:00etan, suak piztuta jarraitzen du, baina itzaltzeko lanak aurrera doaz. pic.twitter.com/9ZoP31QiGb — SOS Deiak – 112 (@112_SOSDeiak) October 19, 2025 SOS deiakek, berriz, esan du sua ez dela hiriguneetara hurbildu, ez dela etxebizitzarik hustu behar izan eta ez dela inor zauritu. Goizeko lehen orduan bide berriak ireki dituzte sua azkarrago itzali ahal izateko —sarbide zaileko leku batean piztu da sutea—, eta helikoptero baten laguntza ere izan dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako suhiltzaileak ari dira lanean.