STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGTk nabarmendu dutenez, lanuztea iragarri eta astebete pasa denean, “Nafarroako Gobernua ez da indar sindikalekin bildu, ezta eskaerak Mahai Orokorrera eraman da ere, handik Gobernuarekin negoziatzera bidaltzen baikaituzte”.
Bihar, asteartea, goizeko zortzietan hasi eta egun osoan Baiona eta hiri inguruak blokeatuko dituzte feriatzaileek, Baionako herriko etxeak 2025eko hiriko bestak Mont-de-Marsangoekin (Landak) batera ezartzea erabaki duelako. Autoekin eta kamioiekin, Baionako bide sarrera nagusiak eta hiri barnea tapatu nahi dituzte, karakoil mobilizazio bat dela medio. Jean-Rene Etxegarai auzapezak iharduki du mintzatzeko prest dela, baina ez duela presiopean men eginen. Baionako Udalak berriki jakinarazi du heldu den urteko bestak, aurten bezala, uztail erdian antolatu nahi dituela, Mont-de-Marsango besten ber egunetan (uztailaren 16tik 20ra). Galtze ekonomikoak eragingo dizkielako, bi besta horietan lan egiten duten feriatzaileen kexua piztu du «aurretik inorekin hitz egin gabe» hartutako erabaki horrek. Kexu horren erakusteko eta Baionako Udalari gibel egin dezan eta bestak berriz uztail bukaeran ezar ditzan galdegiteko, mobilizazioa antolatu du Frantziako Feriatzaileen Federazioak. Bere kideak deitu ditu bihar goizean goizik ibilgailuekin etortzera. Enkontrua, Bokale (Lapurdi) eta Baiona artean dute, Saint-Bernard etorbidean. Iragarri dutenez, autoekin eta kamioiekin karakoilaren abiaduran ibiliko dira ondoko guneetan: Zubi Gorria (edo Henri Grenet zubia), Jean Dauger errugbi zelaia, Saint-Frederic langunea (autobiderako sarrera), suprefetura, Herriko Etxea eta tren geltokia. «Uste dute egiaren jabe direla» Thomas Bruch feriatzaileen bozeramaileak salatu du Baionako herriko etxea «inertzia» batean egoten dela eta erabakiak bere aldetik hartzen dituela. «Uste dute egiaren jabe direla, eta nehor ez dute entzun nahi», erran du kexu Bruchek. Aurtengo, jada, feriatzaileek indarrak egin zituztela oroitarazi du. Alabaina, Santizpirituko usaiako gunea libre utzi zuten segurtasun arrazoiengatik. «Onartu genuen indar baten egitea, eta orain ganibet ukaldi bat sakatzen digute gibeletik». Mobilizazioaren bezperan berriz ere galdegin dio Baionako udaletxeari besten egunak berriz uztail hondarrerat ekar ditzan. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bisita egin dion egun horretan berean erantzun dio Jean Rene Etxegarai auzapezak, prentsa dela medio. Dioenez, saiatu da feriatzaileekin harremanetan sartzen, elkar ikusteko. «Erantzun digute: ‘Ez dugu Baionako auzapeza ikusiko besten egunak aldatuak ez ditueno’». Etxegaraik uste du feriatzaileek errespetatu behar dituztela auzapez batek hartu erabakiak, eta berretsi du prest zela haiekin mintzatzeko, nahiz eta, dioenez, Mont-de-Marsango Herriko Etxearen aldea hartu duten. Ez du besten egunen aldatzeko asmorik erakutsi Etxegaraik: «Ez dut presiopean erantzuten, ez eta larderiapean ere; galdegiten dudana da mahai inguruan bil gaitezen». Ikusi beharko da mahai inguru hori bihar berean osatzen den edo mobilizazioen ondoren, ezen feriatzaileek mehatxu egina baitute Baiona berriro blokeatuko dutela urriaren 19an, Baionako Aviron errugbi taldeak partida bat etxean jokatzekoa duen egunean.
Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolak txosten bat eskatu du ganberako osoko bilkuretan euskara, katalana eta galegoa erabiltzeari buruz. Txosten horrek, bertzeak bertze, hauek aztertuko lituzke: itzultzaileen kostua zein den; zein izanen liratekeen ondorio politikoak gutxiengo linguistikoak dituzten Europako bertze herri batzuek gauza bera egin nahiko balute; eta gaelikoaren kasu zehatza aztertzea, anitzetan zaila baita hizkuntza horretarako itzultzaileak aurkitzea. Lana eskatu badute ere, ez dute zehaztu noizko eginen duten. Parlamentuko lehendakariordeek eginen dute txostena, administrazio lanetan aritzen diren bertze zenbait eurodiputaturekin batera. Berri agentziek azaldu dutenez, iaz Metsolak antzeko txosten bat eskatu zuen —ondorioen berri ez du eman—, baina dokumentu berriarekin bertze pauso bat emanen dute: eurodiputatuak berak izanen baitira txostena eginen dutenak. Eskaera, baina, ez da bat-batean iritsi: Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek hirugarren gutuna igorri zion irailean Mersolari, aipatutako hiru hizkuntzak erabiltzeko modua eman zezala eskatuz. Erabakia, baina, ez dago Albaresen eskeen mende, bertzelakoa baita prozesua: Europako Batasuneko Kontseiluan aztertu behar dute eskaria. Hasieran, europarlamentua kontseiluaren erabakiaren zain zegoen, baina oraindik ez dira bozkatzen hasi. Bertzeak bertze, herrialde batzuek kostua azpimarratzen dute, eta bertze herrialde batzuek aipatzen dute beste hizkuntza batzuk ofizial bihurtzeko eskariak bultzatuko ote diren horrela.
Bortz urte eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak gizon bati, bikotekidearen alabari sexu erasoak egitea leporatuta. Zigorraz gain, epaileak ebatzi du akusatuak ezin izanen duela adingabeekin lan egin bederatzi urtez; eta zortzi urtez ezin izanen da biktimarengana hurbildu edo harekin solastatu. Kartzelatik ateratzen denean, gainera, zaintzapean aske egon beharko du bortz urtez. Sententziak dioenez, 2020 eta 2021 bitarte gertatu ziren erasoak: akusatua biktimaren amaren bikotekidea zen orduan, eta emakumea lanean zegoenean erasotzen zion. Sententzia ez da behin betikoa, eta errekurtsoa jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusian.
Deialdi honen bidez, garraiolarien erretiro aurreratua arautzea eskatu nahi dute, lanbidearen arrisku-mailagatik. Lanuztea urriaren 28an, azaroaren 11n, 28an eta 29an, eta abenduaren 5ean eta 9an egingo da, eta abenduaren 23tik aurrera mugagabea izango da.
Luis Baraiazarra aita Luis «Bertsoaren eragile nekaezina» dela nabarmendu du Bertsozale Elkarteak. 1991tik 1994ra bitartean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzan parte hartu zuen, baina Bizkaiko Bertsozale elkartean ere, 1991tik 200ra bitartean. Bestela ere erakutsi zuen bertsozaletasuna, esate baterako, hainbat txapelketatan epaile gisa parte hartuz, haa nola Lea-Artibai eskualdekoetan, Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, eta eskolartekoetan. Euskal filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta, irakasle zela urte luzez landu zituen bertsoak eta euskal kantak umeekin. Ikasmateriala sortzen ere aritu zen. Euskaltzaindian ere arrasto handia utzitakoa da Baraiazarra. 1996an euskaltzain urgazle eta 2010ean euskaltzain ohorezko izendatu zutenetik, hainbat batzrodetan aritu zen lanean: Hiztegi Batuko lantaldean (1993-2017), Gramatika batzordean (1997-2007), Euskaltzaindiaren Hiztegia batzordean eta Adierak eta adibideak lantaldean. Bestalde, idazle eta itzultzaile ere bazen. Augustin Zubikarai, Santi Onaindia eta Jon Lopategiren biografiak landu zituen, besteak beste, eta itzultzaile gisa, testu erlijiosoei heldu zien nagusiki. Hark euskaratu zituen, esate baterako, Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak, eta horiei esker, hain zuzen, Espainiako Itzulpen Onenaren saria eman zioten 2015ean. Ordu gutxiren buruan kendu zioten, arrazoi harrigarriak tarteko.