Osasunaren garaipenarekin amaitu da euskal derbia
Sendotasunez, eta seriotasunez. Horrela irabazi du Osasunak Donostian Realaren kontrako gaurko derbia. Bi gol bikain sartu dituzte gorritxoek, eta zuri urdinak ez dira gauza izan gol aukera argirik sortzeko. 16 minutuan txartel horia atera diote Orozi, Barrenetxeari eginiko falta batengatik. Osasunaren gola egin du Lucas Torrok 22. minutuan. Nahaste bat egon da Relaren arean, eta Bryan Zaragozak emaniko baloia Remiroren ateko ertz batetik sartu du, buruz. Rela Osasuna estutzen saiatu da ostean. 21. minutuan Barrenetxeak tiro egin du arearen ataritik, baina goregi bota du baloia. Txuri urdinen bigarren saioa heldu da 32. minutuan, baina Sergio Herrera atzain gorritxoak Aguerden burukada gelditu du. Realaren erasoaldiak, Osasunaren kontraerasoetarako aukera zabaldu du. Eta horietako batean, 33. minutuan, Budimir kroaziarrak ez du barkatu. Zaragozak emaniko pilota bat ezkerrarekin jo eta txuri urdinen atean sartu du. Nafarren aldeko 0-2ko emaitzarekin joan dira taldeak aldageletara, epaileak erabakitako lau minutuko luzapena amaitu ostean. Bigarren zatiaren hasieran Take Kubo izan da protagonista nagusia. Osasuna abantaila defendatzera atera da, eta, normala denez, Realak erasora jo du, golaren bila. Kubo etengabe aritu da erasoaldian, eta 57. minutuan gola egiteko zorian izan da. Ezkerrarekin sekulako baloia bidali du Herreraren aterantza, baina atezain gorritxoak desbideratzea lortu du, eta kornerrera bidali du. Baina Osasunak jarraitu du kontraerasoan bikain jolasten. 64. minutuan urrezko baloi bat eman dio Orozek Budimirri, eta kroaziarrak lortu du ezkerrarekin gogor ostikatzea, baina apur bat bortxaturik heldu denez, baloia kanpora joan da. Edonola ere, aski izan da hori txuri urdinak ohartarazteko gorritxoak ez daudela erabat defentsan murgilduta, eta oraindik atera zezaketela eztena, are eta min handiagoa egiteko etxekoei. Bigarren zatiaren erdia igarota, markagailua iraultzeko aukera gero eta zailago ikusi du Imanol Alguacil donostiarren entrenatzaileak, eta taldeari erabateko astinaldia ematea erabaki du. Backer, Sadiq eta Turrientes hiruak batera zelairatzea erabaki du, Oiarzabal, Barrenetxea eta Sucicek ordez. Mintu batzuk geroago (77′), Aramburu aldageketara bidali du Imanolek, eta Odriozola zelarairatu du. Izan ditu aukera Realak, baina ez du asmatu. Braisek baloi bat hodeietara bidali du. Osasunak, berriz, jarraitu du kontraerasoan ausartzen, Budimirren boten bila. Osasunak erabaki du orduan emaitza defendatzea kosta ahala kosta, eta Budimir erretiratu du 88. minutuan, eta Raul zelairatu du. Ikusmina piztu du orduan epaileak Osasunaren aurka ebatzitako penaltia. Aresok Braisi arean heldu diola ikusi du epaileak hasiera batean, baina irudiak kontsultatu ostean, halakorik ez zegoela erabaki du. Minutu bateko luzapena, eta amaitutzat eman dute euskal derbia.
