Arratsaldean, 2025eko aurrekontuen akordioa hitzartu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk. Koalizio abertzaleak abstentzio bidez ahalbidetuko du aurrera ateratzea datorren urteko gastu eta inbertsio publikoak zehazten dituen legea. «Akordio honekin, hamarkada bat beteko da UPNk eta eskuinak ez dituztela Nafarroako politika publikoak baldintzatzen», goraipatu du Laura Aznal EH BIlduko eledunak akordioa izenpetu ondotik. Behin akordioa besapean duela, biharko gobernu kontseiluan onartuko da lege proiektua, eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak haren edukia. Hura ere pozik azaldu da bi aldeek «norabide berean arraun egin dutelako». EH Bilduk konpromisoa hartu du legebiltzarreko tramitazioan eskuineko oposizioak aurkez ditzakeen osoko zuzenketen aurka bozkatzeko. Halaber, zuzenketa partzialen kasuan, hamabost milioi eurora arteko ekarpenak aurkez ditzakete gobernuko bazkideek —PSN, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak— eta EH Bilduk berak. Koalizio abertzalearen kasuan, 4,4 milioi eurora arteko zuzenketak aurkeztu ditzake. Lau indarrek beren proposamenak babestuko dituzte, eta atzera bota UPN, PP eta Voxenak. Akordioaren balio politikoa Akordioa sinatuta, pozik azaldu dira Laura Aznal eta Adolfo Araiz kazetarien aurrean. Lehen aldiz, aurrekontu akordioaren berri Nafarroako Jauregian eman ahal izan dute EH Bilduko ordezkariek. Hala ere, alde bakoitzak nahiago izan du hitzarmenaren berri bere kabuz egin. Hamar urteko testuinguruan akordioaren «balio politikoa» azpimarratu du Aznalek, EH Bilduren herritarrekiko konpromisoa eta «oposizio kolaboratzailea» islatzen duelako. «Ez gaude duela hamar urteko egoeran. Nafarroak arlo sozialean, ekonomikoan eta demokrazian aurrera egiteko norabidea finkatu dugu, eta epe luzeko begirada erabakigarria izaten ari da». «Ez gaude duela hamar urteko egoeran. Nafarroak arlo sozialean, ekonomikoan eta demokrazian aurrera egiteko norabidea finkatu dugu, eta epe luzeko begirada erabakigarria izaten ari da». LAURA AZNAL EH Bilduko eleduna Koalizio abertzaleak abstentzio bidez ahalbidetuko ditu aurrekontuak. «Ez dira guk nahiko genituzkeen aurrekontuak», aipatu du Aznalek, eta gogora ekarri du hainbat arlok bereizten dituztela. Dena den, uste du euren ekarpenei esker gobernuak hasieran aurkeztutako proposamena «hobetu» dutela. «Beheranzko doikuntzak egiteko mehatxuaren aurrean, soberakinak inbertsioetarako erabiltzeko formula bat aurkitzeko lan egin dugu gobernuarekin». Haren esanetan, EH Bilduren proposamenak departamentu guztietan jaso dituzte, eta aurreko urteetako batzuk «kontsolidatu» egin dira. Horien artean daude, trantsizio energetikoa, euskara, osasungintza, hezkuntza eta zaintza. Araizek goraipatu du aurtengo aurrekontuetan hitzartutako bi konpromiso bete egin dituela 2025eko aurrekontuetan: batetik, mutualitateetako 30.000 pentsioduni 150 milioi euro konpentsatuko zaie 2020tik 2024ra gehiegi ordaindu dutelako errenta zergan; bestetik, 1.040 eurora gutxieneko pentsioa bermatuko da. «Ez da erraza izan, bi aldeek hitz egin behar izan dugulako bat egiten dugun lehentasunen inguruan, eta gainditu bereizten gaituzten kontu ugari». JOSE LUIS ARASTI Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria Bi aldeek nabarmendu dute zaila izan dela ados jartzea. Azken egunetan hainbat bilera egin dituzte, eta eguerdian lortu dute, azkenik, akordioa. «Ez da erraza izan, bi aldeek hitz egin behar izan dugulako bat egiten dugun lehentasunen inguruan, eta gainditu bereizten gaituzten kontu ugari», aipatu du Arastik, EH Bilduren agerraldiaren ondotik. Aurrekontuez gain, zerga neurrien inguruan negoziatzen jarraitu dute. Ez dute akordiorik egin, baina bai onartu dute gutxieneko pentsioak errenta zergako kenkari bidez osatzea. Arastiren arabera, 10 milioi euroko kostua izango du osagarri horrek ogasunarentzat. Lege proiektua azaroaren 6an onartzea espero du gobernuak. PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa pozik azaldu dira akordioa lortu delako. Geroa Bairen ustez «2015ean hasitako bidea kontsolidatu egiten du». Zurekin Nafarroaren ustez, akordioak egonkortasuna emango dio Nafarroari, eta erakusten du gizarte politikak direla gobernuaren ardatz nagusi. Giltzak Euskara: Helduen alfabetatzeko laguntzak handituko dira, eta A1 maila doakoa izatea bermatuko da. Pentsioak: Errenta zergako kenkari bidez, urtean 14.450 euroko pentsioa bermatuko zaie pentsiodun guztiei. Osasungintza: Lehen arreta indartuko da, eta espezialitateetako itxaron zerrendak murrizteko konpromisoa hartu. Etxebizitza: Tentsio handiko eremu izendatzeko orduan udalen erabaki ahalmena errespetatuko du gobernuak. Zaintza: Zahar etxeen eredua aldatzeko plana landuko du gobernuak.
‘Mozal legea’ aldatzeko tramiteak abiatu dituzte Espainiako Diputatuen Kongresuan. PP, UPN eta Vox ez beste alderdi guztiek onartu dute tramitea abiatzea. PSOEk, Sumarrek eta EH Bilduk egin zuten legea aldatzeko akordioa; EAJ, ERC eta BNG batu zitzaizkien gero; eta Juntsek eta Podemosek ere proposamenaren alde bozkatu zuten atzo.
Alavesek etxeko lanak egin ditu Espainiako Kopan. 0-1 irabazi du gaur Santiago de Compostelan, etxeko taldearen aurka, eta bigarren kanporaketarako sailkatu da. Arabako taldea faborito argia zen aurrera egiteko, alde handia baitago bi kluben artean; zehazki, hiru maila daude, Espainiako Futbol Federazioaren Bigarren Mailan ari baita Galiziako taldea. Hori gutxi ez, eta hainbestean dabil, hamahirugarren postuan baitago. Hala ere, inon ezustekoak gerta badaitezke, Kopan gerta daitezke. Arabarren zorionerako, ez da halakorik gertatu, eta irabazi egin dute. Distirarik gabe egin dute, baina irabaztea eta inork minik ez hartzea zen helburua, eta bete egin da hori. Gol bakarra egon da, eta etxekoek sartu dute bere atean, hamabigarren minutuan. Egoitz Muñoz Alaveseko eskuin hegaleko atzelari gazteak —debuta egin du partida ofizial batean— erdiratu egin du baloia, eta Quique Vidal Compostelako atzelariak bere atean sartu du gola. Golak Alaves hauspotu du, eta nagusi izan da lehen zatia amaitu arte, baina ez du asmatu ate aurrean. Bigarren zatian, ordea, askoz parekatuagoa egon da norgehiagoka, eta bi taldeek izan dituzte aukerak gola sartzeko. Baina inork ez du asmatu, eta 0-1ekoarekin amaitu da neurketa. Beste zortzi euskal talde arituko dira Alavesek jokatu du lehenbizi. Bihar eta etzi, berriz, beste zortzi euskal talde arituko dira Kopan. Bihar, Osasunak Chiclanaren zelaian jokatuko du (19:00, Movistar La Liga3); Beasainek Cartagena hartuko du (19:30); Cortesek, Granada (20:00); Barakaldok Lleidari egingo dio bisita (20:00); eta Eibarrek, Union Deportiva Logroñesi (20:00). Etzi, berriz, beste hiru euskal taldek jokatuko dute: Amorebieta Barbastroren zelaian arituko da (19:00, AragonTV); Tudelanok Deportiva Minera jasoko du (20:00); eta Realak Jove Español San Vicenteri egingo dio bisita (21:00, Movistar La Liga).
Athleticek 0-0 berdindu egin du Mallorcan, Espainiako Ligako 11. jardunaldian. Jagoba Arrasateren taldeak jokalari bat gutxiagorekin jokatu du 25. minutuaz geroztik, Samu Costa egotzi baitu epaileak. Horrek partidako plana aldatzera behartu du teknikari bizkaitarra, eta defentsako lanean jarri du arreta. Fin aritu dira lan horretan, eta Athleticek baloiaren jabetza izan duen arren, ez du lerro artean min egiterik lortu. Hala ere, bi gol egin dituzte zuri-gorriek, baina biak balio gabetu ditu epaileak. Mallorcatik urrun, Nico Williams eta Unai Simon protagonista izan dira neurketaren ordu berean. Gaur egin dute France Football aldizkariak banatzen duen urrezko baloiaren gala, eta izendatuen artean zeuden biak. Wiilliams Urrezko Baloia lortzeko hautagaien artean zegoen –hamabosgarren gelditu da saria lortzeko lehian–, eta Unai Simon, berriz, urteko atezainik onenaren sarirako zerrendan. Arabarra bigarren gelditu da Lev Yachin atezainaren izena daraman saria lortzeko lehian; Emiliano Dibu Martinezek irabazi du saria. Neurketari dagokionean, lehen minutuan aukera garbia izan du etxeko taldeak markagailuan aurreratzeko. Eskuin hegaletik abiadura bizian mugitu du baloia Mallorcak, eta Pablo Maffeok erdiraketa bikaina egin du areara. Dena alde zeukala egin du errematea Vedat Muriqi aurrelariak, baina Julen Agirrezabalak geldiketa ikusgarria egin du atepean, oinarekin. Gipuzkoarrak neurketa ikusgarria jokatu zuen iragan ostegunean, eta gaur ere ondo baino hobeto egin du bere lana. 23. minutuan gertatu da neurketa baldintzatu duen jokaldia. Samu Costak bigarren txartel horia ikusi du, Iñigo Ruiz de Galarrera zapaldu ostean. Neurketa hasi nerria zegoen, eta bi taldeak neurketari tamaina hartzen ari ziren oraindik. Bada, une horretatik aurrera guztiz baldintzatu du Arrasateren plana. Hamar minutu lehenago ere ia kalera joan da Costa bera. Jokaldi horretan ere Ruiz de Galarretari egin dio sarrera portugaldarrak, eta epaileak txartel horia erakutrsi dio. VOR gelan dagoen epaileak, ordea, pantailatxora joan zedin aholkatu dio epaile nagusiari, txartel gorria izan zitekeelakoan. Epaileak, ordea, ez du erabakia aldatu. Jokalari bat gehiagorekin baloiaren jabetza bereganatu du Athleticek, eta geroz eta aurrerago jokatzea lortu du pixkanaka-pixkanaka. Aurrerapausoa eman dute zuri-gorriek golaren bila, eta etxeko taldeari kosta egin zaio jokalari bat gutxiagorekin Costak utzi duen hutsunea betetzea. Gainera, atsedenaldia iritsi aurretik gola egitea lortu du Athleticek, baino baliorik gabe utzi du VAR-ak. Oso gutxigatik, baina baloia zelaitik irten da Iñaki Williamsek erdiraketa egin aurretik. Nahi eta ezin Bigarren zatian partidaren bila joan da Athletic, baina Arrasatereren armiarma sarearekin egin dute topo zuri-gorriek. Defentsako lanean ardaztu du bere jokoa Mallorcak, eta zailtasun ugari izan ditu Valverderen taldeak. Entrenatzaileak azkar egin ditu aldaketak, eta Berenguer eta Djalo bezalako jokalari bizkorrak sartu ditu, lerro artean ondo moldatzen direnak. Abiadura gehiagorekin mugitu nahi zuen baloia teknikariak, ez baitzuten irtenbiderik topatzen etxeko taldearen defentsa zabaltzeko. Minutuak aurrera zihoazen, eta zuri-gorrien erdiraketek ez zuten errematatzailerik aurkitzen. Halako batean, Iñaki Williamsek gola egitea lortu du, baina hori ere balorik gabe utzi du marrazainak. Iñaki bera jokoz kanpo zegoen erdiraketa egin dutenean. Zortea ere ez dute alde izan bilbotarrek. Urruneko jaurtiketekin izan du gertuen gola Athleticek. 82. minutuan langara bidali du baloia Nico WIlliamsek. Area ertzetik eskuadra bilatu du Williams anaietan txikienak, eta gertu izan du gola. Aldaratzea Bereneguerri iritsi zaio, baina gehiegi gurutzatu du errematea. Ander Herrera ere urrunetik saiatu da azken hatsean, baina erdilariaren erremate bortitza gutxigatik joan da kanpora. Mallorcak sufritzen jakin du, eta puntu baliotsua lortu du Arrasateren taldeak. Athleticek, berriz, aho zapore garratzarekin hartu du aldagelarako bidea.
Israelgo Parlamentuak (Knesset-ek) bi lege bat onartu ditu gaur UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari Israelen jardutea debekatzeko. Hortaz, NBE Nazio Batuen Agentzia horrek ezinen luke Gazako laguntza humanitarioaz arduratu, ezta zerbitzurik eman ere Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean. Adnan Abu Hasna UNRWAren hedabideetarako aholkulariak Al-Jazeera kateari adierazi dio «aurrekaririk gabeko» erabaki bat dela, eta horren ondorioz Gazako «prozesu humanitarioa eraitsi» egingo duela Israelek. Juliette Touma UNRWAko bozeramaileak, berriz, AFP agentziari esan dio «onartezina» dela «Nazio Batuen kide den estatu batek lan egitea Nazio Batuetako agentzia bat desegiteko, eta, gainera, agentzia hori denean Gazan laguntza humanitario gehienaz arduratzen dena». 1967ko hitzarmena bertan behera UNRWA 1949an sortu zuen NBEren Batzar Orokorrak, Israelgo Estatuaren aldarrikapenak eragindako palestinarren exodoari erantzuna emateko. Israelek, berriz, 1967an egin zuen akordioa UNRWArekin, Sei Eguneko Gerran Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdea okupatu ondotik, agentzia arduratu zedin palestinarrei oinarrizko zerbitzuak bermatzeaz. Orain, Knesset-ek bertan behera utzi du hitzarmen hori. Atzerritik Gazara edo Palestinako lurralde okupatuetara iristeko bide bakarra Israeletik joatea da. Knesset-ek onartu dituen legeekin, ordea, UNRWAko langileei bisak ukatuko dizkiete. Adalah Israelgo giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, hiru hilabeteko epean sartuko dira indarrean gaur onartu dituzten legeak. Hilabete honetan urtebete egin du Israelek Gazaren kontrako gerrari ekin zionetik, eta palestinarren genozidioa hasi. Hamasek eta beste milizia batzuek Gazatik atera eta Israelen egin zuten eraso bati eman zion erantzuna izan zen. 1.200 israeldar inguru hil zituzten miliziek iazko urriaren 7an; Israelek, berriz, ia 43.000 palestinar hil ditu Gazan orduz geroztik, eta lurraldeko azpiegitura zibil ia osoa suntsitu du. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak aspalditik begietan hartua du NBE, eta, bereziki, UNRWA, palestinarrei ematen dien laguntzarengatik —zuzenean Hamasi laguntzea leporatzen die Netanyahuk—. Agentziaren kontrako gurutzadan orain arte hartu duen neurririk larriena da gaurkoa.
Bereziak dira astelehenak Gernikan (Bizkaia), azokagatik, baina, gaurkoak, hozkailua betetzeko aukera emateaz gain, jairako gonbita ere egin du. Eguraldia lagun, 241 postuk eta milaka bisitarik bete dituzte Gernikako kaleak urriko azken astelehena aitzakia hartuta. Barazkiak, ama orez egindako ogia, kontserbak, txakolina eta sagardoa, eztia, euskal pastela, gazta… Jendetza bildu da horien inguruan, baina are gehiago talo postuen eta txosnetako barra likatsuen aurrean. Azoka izaera hori galdu dutela nabarmendu dute kantuan Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek, eguerdian Merkurio plazan egindako bertso saioan. Hauxe bota du Lizasok: «Zeinen ugari dauka Gernikak/ ia urteroko zita/ ta lehen gehienak gero etxerantz/ baina zerbait erosita/ pentsatzen nago jende gehiena/ esku hutsik ikusita/ asko eta asko etortzen dela/ kartera etxean utzita». Enbeita muxikarrak ere (Bizkaia) antzeko iritzia du: «Lehen azokan kontau deuskue/ gaur deitziela iritzi/ paseanteak badabiltzala/ baina erosleak gitxi». Gernikako azken asteleheneko azoka. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU «Lehen, azoka izaten zen. Gaur egun, azoka baino gehiago jaia da, jendea egun-pasa etortzen da», esan du Iñigo Aurtenetxek. Erreminten familia negozioarekin joan da. Baserrirako eta baratzerako erremintak saltzen dituzte, eta aldaketa esanguratsua nabari du aitarekin joaten hasi zen urteak eta gaur egungoa konparatuta. «Lehen, soroko makinak, traktoreak, motozerrak eta horrelakoak saltzen genituen; gaur egun, jende gutxik du baserriko edo soroko bizimodua. Lorategiak zaintzeko tresnen bila etortzen dira gehiago». Azoka, beraz, moldatu egin behar izan dute, eta, duela bi urtetik, belarra mozteko robot autonomoa dute «produktu izarra». Onartu duenez, azokan jostailuzko lanabes asko ere saltzen dituzte: motozerrak, sasi garbitzeko makinak, motorrak… Umeei baserriko lana ezagutarazteko plastikozko edo egurrezko makinak dira, gezurrezkoak. «Lehen, soroko makinak, traktoreak, motozerrak eta horrelakoak saltzen genituen; gaur egun, lorategiak zaintzeko tresnen bila etortzen dira gehiago» IÑIGO AURTENETXE Aurtenetxe erreminten familia negozioaren kudeatzailea Benetako nekazariak horren alboko kaleetan izan dira. Barazki postuen kopurua erdira jaitsi da iaztik: 25etik 13ra. Halere, «dena saltzea» espero du Isabel Abajo baserritarrak. Astelehenero jartzen du bere fruta salgai Gernikan, baina gaur «askoz ere kilo gehiago» ekarri ditu Gatikatik (Bizkaia). Aitortu du «urte txarra» izan dela sagar uztarentzat, abuztuko bero boladek hostoen itzalpean ez zeuden loreak erre baitzituzten, baina berak «zorte handia» izan duela dio, «nahikotxo» batu duela. Oihane Ojangurenek «pila bat» nabaritu du sagarrarentzat eta mahatsarentzat urte txarra izan dela. Hala ere, moldatu dira hiru txakolin mota —zuria, gorria eta beltza— eta sagardoa eramateko, eta zerbitzatu eta zerbitzatu dabiltza. Asier Lizarralde elgoibartarrarentzat (Gipuzkoa) «urte ona» izan da, eta, hamabost sagar mota nahastuta egindako sagardoa eta zukua ditu salgai. Azken hiru urteetan izan da urriko azken asteleheneko azokan, eta «bezeroak fidelizatzeko» leku aproposa deritzo urriko azken asteleheneko azokari. Ane Miren Arejita gernikarrak lanean jai hartu du, «batez ere, produktu batzuk erosteko, zeozer hartzeko eta taloak probatzeko». Talorik «onena» zein den erabakitzea izaten dute urtero denbora-pasa egun horretan. Txikitatik bisitatu du urriko azken asteleheneko azoka, eta nabaritu du azken urteetan ez dagoela hainbeste postu. Hala da: iaz, 307 izan ziren, eta, 2022an, 293. «Egia da, beharbada, jendea gehiago datorrela ikustera, eta ez hainbeste erostera», iritzi dio Arejitak. Hori dela eta, bera bertan kontsumitzen saiatzen da, «hurbileko» produktuak bultzatzeko. «Egia da, beharbada, jendea ikustera datorrela gehiago, eta ez hainbeste erostera» ANE MIREN AREJITAGernikarra Poztuko zatekeen Onintza Enbeita adierazpen horiekin; izan ere, tokiko salgaiak gutxiago saltzen direlako kezka adierazi du bertsotan, baina ez umore barik: «Jendea falta jaku/ hor astelehenero/ neguan hotza dago/ eta udan bero/ jendea galduko da Mercadonan gero/ egindako tortillak erosteko edo». Bertakoak eta inguruko udalerrietakoak izan dira Gernikan, astelehena laneguna izan arren. Bilboko euskaltegi batetik, Merkurio plazatik kuadrillatan sakabanatu den talde handi bat gerturatu da bertso saiora, eta, horren ostean, «taloak jatera» joango direla argi dute. Artearentzako esparrua Arteak ere bere plaza izan du. Zehazki, 54 artisautza postu izan dira Pasealekuan, artearen bidez ekoitzitako hainbat motatako produktuekin: oihalezko poltsak, haur eta helduentzako arropa, diseinatzaile koadernoak, apaingarriak eta egurrezko eskulturak, besteak beste. Itziar Mielgok egurrari forma ematen lan egiten du: argizaiolak, koilarak, eskulturak, belarritakoak eta beste hainbat produktu ekoizten ditu zuretik abiatuta. Ixiart proiektu artistikoaren parte dira denak, eta Beintza-Labaienetik (Nafarroa) etorri da horiek «ezagutaraztera». Bigarren urtea du urriko azken asteleheneko azokan; gero eta azoka gutxiagotara joaten da, baina Gernika «plaza berezia» dela aitortu du; aurretik ere etortzen zen, «baina ez saltzera», aitortu du, barrez. Gernikako azken asteleheneko azokako artisau postu bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Egoitz Mendinueta bergararrak ere (Gipuzkoa) kokatu du azokan bere marka artistikoa: EM Zirrimarra. Bere ilustrazio propioak, «naturan eta musikan inspiratutakoak», euskarri koloretsuetan estanpatzen ditu, bai kamisetetan, bai biseretan, bai koadernoen azaletan. Aldarrikapenen bat Gernikako urriko azken azokaren izaera aldatzen ari dela nabarmendu dute bertsolariek, saltzaileek, bisitariek eta bertakoek. Horrek eklipsatu ditu Gernikako azokak jomugan dituen beste auzi garrantzitsu bi. Hain zuzen ere, bertsolariek, puntuka, ez dute galdu Guggenheimek Urdaibain duen plana kritikatzeko abagunea. Beste hitz batzuetan, Enbeitak bertako ekosistemen inguruko kezka adierazi du: «Lur danak emon dira/ eukaliptorako», eta Egañak erantzun: «ta sobrante zeudenak/ Guggenheimentzako». «Txosna eskaparate ona da erakusteko zelan kolaboratzen dugun guk herriarekin, eta herriak gurekin» MIKEL BILBAOGernikako errugbi taldeko presidentea Azokaren beste zutabeetako bat txosnak dira. Seber Altube ikastolak, atletismo taldeak, motorzaleek, Gernikako futbol taldeak eta beste hainbat elkartek jartzen dute. Gernikako errugbi taldeak duela 40 urte jarri zuen lehen txosna, udalak eskatuta, eta, ordutik, ohiturari eutsi dio. Diru apur bat lortzeko aukera ona dela deritzo Mikel Bilbao taldeko presidenteak. «Batez ere, erakusleiho ona da», azaldu du, «erakusteko zelan kolaboratzen dugun guk herriarekin, eta herriak gurekin».