Alavesi 98. minutuan egin dio ihes garaipenak
Eskura izan du, baina hatzen artetik egin diote ihes Alavesi gaur jokoan zituen hiru puntuak. Partida nahasi bat izan da Valentziaren aurka jokatu duena, eta 88. minutuan penaltiz berriro aurreratu ostean, hamar minutu geroago puntu bakarrarekin konformatu behar izan du. Ez dira oso konforme egongo, baina; jaitsiera postuak hurbil dauzka, eta gaurko aurkari sailkapeneko azken postuan zen. Aukera paregabea galdu du, beraz, sailkapeneko postu arriskutsuetatik urruntzeko. Berandu hasi da partida. Valentzia krisian dago, eta ez soilik kirol arloan. Peter Lim presidenteak eta Pipo Baraja entrenatzaileak kontra dituzte zaleak, eta arazo tekniko batek eragindako bost minutuko atzerapena horiek kargua uzteko eskatzeko baliatu dute Valentziako zaleek. Zazpigarren minutuan are eta handiagoa izan da horien haserrea, Carlos Vicentek Luis Riojaren bizkarretik pasa ostean, balora erdiratu eta Carlos Martinek Alavesen lehen gola egin ostean. 0-1ekoarekin lasai aritu dira arabarrak. 15. minutuan Guridik min hartu du, eta Stoitxkovek ordezkatuko du. Valentziak ez du inor estutzeko jokorik egin, eta Eduardo Coudeten jokalariei ez die batere axola izan baloia aurkariaren hanketan uztea, atzean itxaroteko. Luis Rioja Alaveseko jokalari ohiaren erdiraketak ez ditu inork baliatu. 53. minutuan Hugo Duro Valentziako jokalariak Siveraren eskua jo du baloia errematatu nahian, eta Owonok zelairatu behar izan du atezain titularraren ordez. 67. minutuan, ordea, Diego Lopez bakarrik geratu da Owonoren aurrean, eta epaileak penaltia adierazi du, VARrak ohartarazita. Luis Riojak sartu du. Partida bukatzear zela, berriz, Alavesen aldeko penaltia adierazi du epaileak, eta Jordanek ondo bota du. Pozik ziren arabarrak 88. minutuan 1-2koarekin baina, luzapenean Dani Gomezek Diego Lopezen erdiraketa bat baliatu du binakakoa egin eta Alaves puntu bakarrarekin uzteko. Valentzia: Dimitrievski; Foulquier, Mosquera, Yarek, Rioja; Fran Perez (Sergi Canos, 44. min.), Guerra (Pepelu, 78. min.), Barrenechea (Dani Gomez, 78. min.), Diego Lopez; Andre Almeida eta Hugo Duro. Alaves: Sivera (Owono, 54. min.); Pica (Sedlar, 80. min.), Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Blanco, Jordan; Carlos Vicente, Carlos Martin (Tomas Conechny, 81. min.), Guridi (Stoitxkov, 17. min.; Guevara, 80. min.); eta Kike García. Golak: 0-1, Carlos Martinek (7. min.). 1-1, Riojak, penaltiz (70. min.). 1-2, Jordanek, penaltiz (88. min). 2-2, Dani Gomezek (88. min.). Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak Valentziako Mosquerari (87. min.) eta Pepeluro (102. min,) eta Alaveseko Carlos Martin (22. min.).

