Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Musua disko-libururako idatzi zuen Leire Bilbaok letra: «Olentzero ta astoa basora joan dira / bidean galdu eta haserretu dira. / Olentzerok astoai belarritik tira / astoak Olentzeroi praketatik tira. / Tira ta tira elkarrenak dira / tira ta tira konponduko dira». Kantaren errepikan Olentzerok buztanetik egiten dio tira astoari, eta hark gerrikotik Olentzerori. Gure kotxean sudur gorrien soinu-banda gailendu da, eta abesti honetan txanda-pasa egin beharra neukan egun osoa Olentzero ta astoari tiraka ibili nahi ez banuen. Leire Bilbaok kontatu zigun etxean entzundako kanta herrikoi baten moldaketa zela, originalean aitita eta amama haserretzen zirela, zergatik-eta egurretan aizkora galdu zutelako. Oskorrik kaleratu zuen Katuen testamentuan diskoko Aitite ta amama kantaren bertsio bat. Orain dagoen gabon kanta politenetakoa iruditzen zait Olentzero ta astoa; haserrea azaltzen delako, batak besteari tira egiten diolako, eta sasoi honetako zorion puztua zer da ba elkarrekin konpontzea baino.
Lastima da ez jakitea zenbatek ematen dioten ezezkoa gobernuburu bati kargua hartu eta sailburuen taldea osatzen hasten denean. Datu horrek garrantzi berezia dauka Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinez euskarari buruz esaten ari dena ikusita. Benetan ez zuen topatu Imanol Pradales lehendakariak 2024an euskararekin sentsibilitate pixka bat zeukan beste inor? Zutabegile hau ez da proposatzen ari Euskaltzaindiako ohorezko euskaltzain bat izendatzea Osasun sailburu, baina bai euskara zefalopodo abisalak baino gehiago estimatuko duena. Martinez sailburuaren azken harribitxiak igandean BERRIAko elkarrizketan topatuko ditugu. Aitortzen du ez dakiela euskaraz, eta, euskaltegira joango ote den galdetuta, erantzun du ez daukala denborarik, baina egunero hitz bat ikasten duela. Eta, behin animatuta, elkarrizketa berean pontifikatu egiten du euskarak Osakidetzan daukan egoeraz: errua kanpotik datozen egoiliarrena da. Berea eta berak bezala soldata publiko potoloak etxeratzen dituztenena ez da. Harrapazank! Osakidetzak euskara planak egiten adina urte daramatza Martinezek bizkarra ematen plan horiei; eta, euskarari ematen diogun garrantziaren erakusgarri, sailburu izendatu. Datorren Euskaraldian Martinezek txapa jarriko du paparrean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Agintaritzak baiezkoa eman dio, baina lurralde bakoitzeko garraio agintaritzek onartzea falta da: 12 urtetik beherako haurrek doan erabiliko dute garraio publikoa —trenak, autobusak, tranbiak eta metroa—. Noiztik aurrera? «Urtarrilaren lehenengo asteetatik otsailaren hasierara bitartean» jarriko da indarrean. Erabakia berretsi behar dute Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Arabako Mugikortasun Agintaritzak, hurrengo egunetan egingo dituzten batzarretan. Orduan zehaztuko dute noiztik aurrera aplikatuko duten. Gaur egun 6 urte bete arteko haurrek dute garraio publikoa doan; Gasteizko autobusetan (Tuvisa) 12 urte artekoek. 6 eta 12 urte arteko haurrek garraio publikoan doan ibili ahal izateko txartel pertsonalizatua izan beharko dute. Horretarako, gurasoek edo tutoreek garraio konpainien arreta bulegoetara jo beharko dute, urtarrilaren 7tik aurrera. Gaur egun txartel pertsonalizatua dutenek ez dute berri bat egin beharko. Hurrengo urtetik aurrera 130.000 haur inguruk bidaiatu ahalko dute doan, Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, Eustaten datuetan oinarrituta: 65.000 inguru dira Bizkaian, 43.300 Gipuzkoan eta 22.000 Araban. 6 eta 12 urte arteko haurrek garraio publikoan doan ibili ahal izateko txartel pertsonalizatua izan beharko dute Hala ere, neurria zaharkituta geratuko da laster, Espainiako Gobernuak gaur bertan esan baitu garraio publikoa doan izango dela 15 urtetik beherakoentzat uztailaren 1etik aurrera. EAEko Garraio Agintaritzako ordezkariek bazuten horren berri gaur arratsaldeko bilera hasi dutenerako, baina ez dute baloraziorik egin horrek izan dezakeen eraginari buruz. Eusko Jaurlaritzako Garraio Jasangarriaren Sailaren proposamena izan zen garraio publikoaren doakotasuna 12 urte arte luzatzea. Neurria babestu du Susana Garcia Chueca sailburuak EAEko Garraio Agintaritzaren bileran: «Neurria ezarri behar da, familien gastua arintzen baitu, eta belaunaldi berriek mugikortasun jasangarriaren aldeko ohitura har dezaten bultzatzen baitu». Sailburuak gogoratu du Eusko Legebiltzarrak neurri horren aldeko ebazpena onartu zuela 2022ko urrian. Beherapenei eutsi diete EAEko Garraio Agintaritzak beste erabaki bat hartu du, esperotakoa: eutsi egingo diela garraio publikoaren ohiko erabiltzaileentzako %20ko beherapenei. Espainiako Gobernuak iragan astean Podemosekin hitzartu zuen uztailera arte luzatzea garraio publikoaren ohiko erabiltzaileei aplikatzen dien %30eko beherapena, eta atzo onartu zuen lege dekretu baten bidez. Kopuru hori aplikatzen du betiere tokiko administrazioek eta garraio partzuergoek beste %20ko beherapena beren gain hartzen baldin badute, guztira %50eko beherapena aplikatzeko. Orain arte bezala, Eusko Jaurlaritzak %10 hartuko du bere gain, eta diputazioek, udalek eta garraio operadoreek beste %10. 2022ko irailean onartu zen lehen aldiz beherapen hori, Ukrainako inbasioak eragindako prezioen garestitzea arintzeko. Renferen aldirietako eta distantzia ertainetako bonuak doakoak izango dira aurrerantzean ere, betiere baldintza batzuk betetzen badira: erregistratzea, berme bat ordaintzea, gutxieneko bidaia kopuru bat egitea… Aintzat hartu behar da Renferen aldiriak Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko direla urtarrilaren 1etik aurrera. Bonu bakarra Renfen 12 urtetik beherakoek doan bidaiatzeko erabakiak ez du amaiera datarik, eta zaila litzateke halako neurri bat onartu eta gero atzera egitea. Beherapenek, ordea, iraungitze data dute: ekainaren 30ean bukatuko dira. Zer gertatuko da uztailaren 1etik aurrera? Espainiako Gobernuak gaur zehaztu du, eta gaur egungo beherapenen ordez bestelako neurriak hartuko ditu: garraio publiko kolektibo guztiak doan izango dira 15 urtetik beherakoentzat; beherapen bereziak izango dira gazteentzat; prezio merkeagoak ohiko erabiltzaileentzat; Renferen aldirietarako txartel edo bonu bakarra, hilean hogei euro ordainduta; eta laguntzak bizikletaren erabilera sustatzeko. Espainiako Gobernuak txartel edo bonu bakarra ezarri nahi du Renferen aldirietan, edozein eremutan eta lekutan erabili ahal izateko. Hiru txartel edo bonu mota izango lirateke, adinaren araberakoak: hilean hogei eurokoa; hilean hamabost eurokoa 15 eta 26 urte arteko gazteentzat; eta urte osoko doakoa, 15 urtetik beherakoentzat. Autonomia erkidegoen, diputazioen edo udalen esku dagoen garraio publikoan —Hego Euskal Herriko ia guztiak—, doan izango da 15 urtetik beherakoentzat eta %50eko beherapena izango dute 16 eta 25 urte arteko gazteek. Espainiako Gobernuak onartu eta ordaindu nahi dituen neurriak dira. Ikusteko dago Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, diputazioek eta udalek beherapen gehigarriren bat aplikatuko duten. Distantzia ertainetako trenetan beherapena %40koa izango da; %50ekoa 15 eta 26 urte arteko gazteentzat; 15 urtetik beherakoentzat, doan.
Talde ekologistek gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) behin-behineko bertsioa. Ekologistak Martxan taldearen aburuz, plana berandu iritsi da, partziala da, eta «ez ditu natura eta landa ingurunearekiko errespetuzko trantsizio energetiko justu baten oinarriak». Euskal Herria Bizirik sareak gaur Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren aurrean salatu duenez, LPSen bidez «enpresek errazago izango dute makroproiektuak ezartzea, eta horrek lurraldearen suntsiketa eta herritarren bizi kalitatearen galera ekarriko ditu». Eusko Jaurlaritzak esku artean daukan lurralde plan sektorialak, behin betiko onartzen denean, arautuko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldeetan energia berriztagarrien azpiegiturak non eta zein baldintzatan kokatu ahalko diren. Jaurlaritzak hilaren 20an onartutako behin-behineko bertsioak azpiegitura eolikoak eta plaka fotovoltaikoak ezartzeko 110 eremu posible ezarri ditu; 57 eolikoentzat eta 53 eguzki plakentzat. Ekologistak Martxan-ek ohar baten bidez ohartarazi duenez, plan hori egiten ari den bitartean, dagoeneko tramitatzen ari diren parke eolikoen eta fotovoltaikoen ehun proiektu baino gehiago LPSak aurreikusitako antolamendutik kanpo geratuko lirateke. Egoera hori Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen eta plangintza faltaren ondorioa dela salatu du. Eusko Legebiltzarrak 2019ko otsailean eskatu zion Eusko Jaurlaritzari Energia Berriztagarrien LPSa egiteko. Prozesu luze horretan osatutako dokumentuari 4.387 alegazio aurkeztu dizkiote. Alegazio gehienak norbanakoek eta gizarte eragileek egin dituzte. Nolanahi ere, LPSak zuzenean eragiten dien erakunde publikoek —EAEko hiru foru aldundiek eta udalek, besteak beste—, baita enpresek ere, aurkeztu dituzte txostenak. Alegazioen erantzunak jasotzen dituen txostena urriaren 31n plazaratu zuen Eusko Jaurlaritzak; alegazio ia guztiak baztertu zituen. «Alegazioak mespretxatzeak agerian uzten du elkarrizketa eta gardentasun falta direla energia eta lurralde plangintza bezalako gai delikatu batean» EKOLOGISTAK MARTXAN Ekologistak Martxan-en ustez, «bereziki esanguratsua da hiru foru aldundiek, lurralde eta ingurumen kudeaketan funtsezkoak diren erakundeek egindako ekarpenak aintzat hartu ez izana». Talde ekologistaren hitzetan, «alegazioak mespretxatzeak agerian uzten du elkarrizketa eta gardentasun falta direla energia eta lurralde plangintza bezalako gai delikatu batean». Haien ustez, ez diete entzun ingurumen babesarekin bateragarria den garapen berriztagarria helburu dutenei. Alegazioak erantzuteko txostenean, Jaurlaritzak berretsi egin ditu LPSaren hasierako proposamenean zehaztutako baztertze eremuak —energia berriztagarrien instalazioak jartzetik salbuetsita gelditzen direnak—; ez gehiago ez gutxiago. Zenbait alegaziok eskatzen zuten, salbuetsita dauden eremu horien artean, beste eremu batzuk ere aintzat hartzea: onura publikoko mendiak, sai zuriarentzat eta ugatzarentzat ezinbesteko eremuak direnak, kultura ondasun eremu batzuk hartzen dituztenak, korridore ekologikoak eta interes bereziko paisaia dutenak. Baina, Eusko Jaurlaritzaren arabera, «irizpide zerrenda zabala hartu da kontuan», eta, beraz, baztertu egin du elementu gehiago aintzat hartzea. «Nafarroan, neurri honetan berriztagarriak zabaltzeak lurraldea suntsitu, bai, baina ez du agindutako onurarik ekarri; gaur egun herritarrek ez dituzte elektrizitatea eskuratzeko baldintza hobeak» EUSKAL HERRIA BIZIRIK Euskal Herria Bizirik sareak, berriz, Jaurlaritzari egotzi dio enpresen interesak lehenestea eta Europatik etorritako aginduei men egitea, «bertako herritarrekin adosturiko lurralde plangintza bat egin beharrean». Sare ekologistak gogorarazi du, Nafarroan, berriztagarriak zabaltzeak ez dituela ekarri hasieran agindutako onurak: «Nafarroan, neurri honetan berriztagarriak zabaltzeak lurraldea suntsitu, bai, baina ez ditu agindutako onurak ekarri; gaur egun herritarrek ez dituzte elektrizitatea eskuratzeko baldintza hobeak, Nafarroako hidrokarburoen kontsumoak gora egin du eta, horrekin batera, CO2 isuriak».
Hemeretzi elkarteren izenpeak bildu ditu Ostia sareak maiatzaren 25eko Marieneko adierazpenaren alde. CADE, ELB Gazte, ELB, Lurzaindia, Nahi Dugun Herria eta Ostiak berak izenpetua zuten adierazpena hatsarrean, eta elkarte hauek gehitu zaizkie oraingoan: Arrapitz federazioa; APFPB Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea; BLE Biharko Lurraren Elkartea; Xapata Itsasuko gerezi ekoizleen elkartea; EHZ festibala; Basaizea kultur elkartea; Baiona, Miarritze, Donibane-Lohizune, Hazparne, Itsasu, Kanbo (Lapurdi) eta Donibane-Garaziko gaztetxeak; LAB sindikatua; Solidaires; Bizi; Alda; Goooxoan elkartea eta Sutan kolektibo transfeminista. Kanboko Marieneko ordokian egoitzen eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak, herriko etxearekin hitzarturik. Horren harira abiatu zituzten protestak eta mobilizazioak, laborantza lurrak baitira bertakoak. Urteak iragan dira, eta joan den maiatzean, zera idatzi zuten militanteek adierazpen bateratuan: «Engaiatzen gara mugiaraztera, artifizializazio proiektu hau osoki gelditu arte taktika ezberdinak konbinatuz, baita zelaian ere». Oraingoan beste hemeretzi eragile gehitu zaizkio aldarriari. Erran dute «aitzinapausoa» dela horiendako, «indarrak sendotu eta zabaltzen» baititu «Marienea lur artifizializazioaren kontrako garaipen herrikoia izan dadin».
Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak bilera egin du astelehen honetan, eta Jaurlaritzak kaleratu dituen datuen arabera hurrengo hiru urteetan ehuneko 0-3koa izango da Eusko Jaurlaritzaren Defizit muga eta zor publikoa ehuneko 13koa. Aldundientzat berriz Defizit muga ehuneko 0’1ekoa izango da.
Suhiltzaileek ohartarazi dute Gasteizko Udaleko Segurtasuneko zinegotzi berriak, Cesar Fernandez de Landak, ez badie euren eskariei erantzuten, mobilizazioak gogortuko dituztela.
Gaur, 2024ko abenduaren 23an, albiste izango dira: Deskontuak garraio publikoan, 2024ko balantzea egingo du Imanol Pradales lehendakariak eta Olentzero eta Mari Domingi Bilbora iritsiko dira.
Sekulakoa egin dute Artolak eta Mariezkurrenak gaur Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Altuna eta Arangurenen aurka jokatu dute Binakako Txapelketako laugarren jardunaldiko partida, baina, ikusitakoa ikusita, bi partida jokatu dituztela esan liteke. Izan ere, bi zati izan ditu gaurko lehiak argi eta garbi, zein baino zein, ikusgarriagoa. «Bi partida izan dira. Hasieran eurek jokatu dute, eta gero, guk», esan du Mariezkurrenak partida amaieran. Bera izan da partidako protagonistetako bat. Lehen zati horretan ez da batere ondo aritu, baina bigarrenean bikain aritu da, eta lau jokalarien artetik bera nabarmendu da partida amaieran: jo eta jo egin dio pilotari, ohi duenez, baina horrez gain, hiru tanto egin ditu bi pareta eginda eta azken tantoa txokoan pilota utziz egin du. «Zuloak ikusi ditut. Hemen bi pareta asko ateratzen da. Jokinek ez zuen espero», esan du. Ez Altunak ezta Uarkapen bildu diren pilotazaleek ere horrelakorik ikusiko zutenik. «Giro handia zegoela aitortu du Mariezkurrenak, eta horrek motibatu egin duela gaineratu du. Ikaragarria gaur bizi izan dugun partida Uarkapen. Altuna III.ak eta Arangurenek lehen zatian agindu dute, 17-4 irabazten, eta bigarrenean, Artolak eta Mariezkurrena II.ak partida irauli eta 22-19 irabazi #eskupilota — ASPE Pelota (@ASPEpelota) December 22, 2024 Datuek ez dute eztabaidarako tarterik uzten. Altuna eta Aranguren partidaren lehen zatian 18-4 jarri dira aurretik. Altunak nahieran ibili du pilota, bere bertsio onena emanda, eta Aranguren bikain aritu da, batere minik gabe. Artolak berak partida amaieran aitortu duenez, Altunari pilota ezin kendu jokatu dute: «Ez zuen hutsik egiten, eta arrastaka ibili gara. Baina segi egin dugu, eta saria izan dugu gaur». Izan ere, partida erabakita zegoela zirudienean, Artolak eta Mariezkurrenak irauli egin dute. Gipuzkoarra izan da pilotarekin asmatu eta lehen koadroetan Altuna aukerarik gabe utzi duena; oso zorrotz aritu da Artola. Hasieran tanto horiek markagailua itxuratzeko balioko zuela zirudien, baina bikote urdinak tantoak zenbatu ahala, aho bete hortz utzi ditu pilotazaleak. Hamabi tanto egin dituzte errenkadan oso denbora gutxian. Artolak eta Mariezkurrenak partida berdintzeko izan duten lehen aukeran, 17-16koarekin, berdinketa eragotzi du Altunak zorte apur batekin. Bigarren aukeran, baina, urdinek ez dute hutsik egin. 19. tantoa egin dute gorriek lehenik, eta hori izan da euren azkena. Mariezkurrenaren erakustaldia iritsi da orduan. Azkenerako 18-2ko emaitza partzial bat lortu dute berak eta Artolak, eta laugarren hirugarren puntua eskuratu dute sailkapenean. «Puntu horrek bi balio ditu. Sufritu egin dugu, baina buelta ematea eta irabaztea lortu dugu. Oso zaila da hori», adierazi du Mariezkurrenak. Laugarren dira sailkapenean. Altuna eta Aranguren, berriz, seigarren dira, puntu bakarrarekin.