Gabonak iristear dira, eta asko dira garai honen bueltan etxeko goxotasunera eta berotasunera itzultzen direnak. Izan ere, etxean bezala inon ez. Realak ere gaur berretsi du, berriro ere goxo sentitzen dela Anoetan, eta erabat gainditu duela aurten bertan zeraman bolada txarra. Izan ere, laugarren garaipena kateatu du zaleen aurrean. Bartzelonaren, Ajaxen eta Betisen atzetik, Dinamo Kiev izan zen atzo Donostiatik esku hutsik joan dena, Europa ligan: 3-0. Txuri-urdinek jokatu dituzte azken zortzi partidetatik zazpi irabazi dituzte. Imanolen taldea lehen 24 postuetan finkatu da ligaxkako sailkapenean, hamabigarren dago. Horrenbestez, bi jardunaldiren faltan, oraindik ere bete betean segitzen du, zortzi onenen artean amaitu, eta zuzenean final-zortzirenetara sailkatzeko borrokan. Puntu batera du zortzigarren postua. Oiartzabalek bi gol egin ditu, eta Beckerrek bat. Festa erabatekoa izan da. Izan ere, aurkaria partida guztiak galduta iritsi den arren, aurreko sasoian Europan distira egin zuen taldearen zantzuak izan ditu Realak lehen zatian. Imanolek partida bezperan adierazi zuen, deialdian egon arren, Zubimendik eta Barrenetxeak proba bat egingo zutela gaur eguerdian, jokatzeko moduan ziren argitzeko. Azkenean, ez dira ezta aulkian ere egon. Urko Gonzalez de Zarate eta Olasagasti hasieratik aritu dira. Imanolek haiei eman die taldearen jokoa gidatzeko ardura, eta bikain egin dute. Txuri-urdinek jokoaren ekimena izan dute, eta abiadurarekin jokatu dute. 17. minutuan iritsi da lehen gola. Bizkarrez ondo zaindu du baloia Oiartzabalek arean. Popovek hanka sartu du, eta zangotrabatu egin du. Epaileak penaltia adierazi du. Kapitainak gaizki jaurti du, baina bizi ibili da, eta Buxtxan atezainaren aldaratzea jaso du. Orduan ez du huts egin. Partida berezia izan da gaurkoa Oiartzabalentzat. Europan talde txuri-urdinaren elastikoarekin partida gehien jokatu dituen jokalaria bihurtu da. 34 bete doti, Alberto Gorrizek baino bat gehiago. Beste bi gol Ia erreskadan beste gol bat sartzear egon da Reala. Gonzalez de Zaratek pase bikaina eman dio Brais Mendezi. Baina galiziarrak ez du asmatu, atezainarekin aurrez aurre zegoenean. Dena den, Realak ekinean jarraitu du. Dinamo Kiev bere zelaian sartu du. Ukrainarrak ezinean aritu dira. Reala, berriz, nahieran. Presioaren bidez bikain berreskuratu du baloia, eta erasoan nonahi aurkitu ditu zuloak. Nagusitasun hori baliatu beharra zuen, partida erabakitzeko. Hala egin du. Izan ere, 24. eta 33. minutuetan beste bi gol sartu dituzte txuri-urdinek. Becker eta Oiartzabal bera izan dira golegileak. Kubok pase ona eman dio herbeheretarrari, eta angelurik gabe geldituko zela zirudienean jaurtiketa gogorra egin du, baloia sareratuz. Kapitainak, berriz, arean bikain mugitzen dela erakutsi du beste behin. Popovi barrutik izkin egin dio, eta hirugarrena iritsi da. Ordurako festa zen nagusi Anoetan, bada gol horrek areagotu egin du. Golak sartzea ere garrantzitsua baitzen, azken sailkapenari begira golen aldeak izan dezakeen garrantziarengatik. 3-0 amaitu da lehen zatia, eta norgehiagoka erabakita zegoela ikusita, bigarren zatiaren lehen hamar minutuetarako Imanolek Brais Mendez, Oiartzabal, Kubo eta Jon Mikel Aranburu kendu ditu, atseden emateko. Bigarren zati horretan partidak erritmoa galdu du. Realak hanka altxatu du, nahiz eta estutzen zuenean arriskua sortu duen. Besteak beste, Oskarssonek pare bat aukera izan ditu gola sartzeko. Baina ez du asmatu. Ukrainako taldea, berriz, pare bat aldiz gerturatu da Remiroren atera. Baina emaitza ez da aldatu. Reala-Dinamo Kiev Reala: Remiro; Aranburu (Odriozola, 58. min.), Aguerd, Zubeldia, Aihen; Brais Mendez (Marin, 46. min), Urko (Turrientes, 58. min), Olasgasti; Kubo (Magunazelaia, 58. min.), Oiartzabal (Oskarsson, 58. min.) eta Becker. Dinamo Kiev: Buxtxan; Karavaiev, Bilovar, Popov, DIatxuk; Dubintxak, Brazhko (Kabaiev, 62. min), Mykhailenko, Voloxin (Braharu, 82. min.) Guerrero (Vanat, 62. min.) eta Rubtxinskyi (Pikhalonov, 62. min.). Golak: 1-0: Oiartzabalek (17. min.), 2-0: Beckerrek (24. min.). 3-0: Oiartzabalek (33. min.).
Datak harritu nau: 2018ko abenduaren 22an idatzi nuen Ane Rodriguezek Tabakalerako kultur zuzendaritza uztearen inguruko zutabea, eta ia egun berdinean, sei urte beranduago, Fernando Perezen oso antzeko dimisioari buruz ari naiz. Gabonak garai ona omen dira kontutxo hauek argitara ateratzeko: laneko eta lagun arteko bazkariak, poteoa, erosketak… distrakzio gehiegi kultur zentro bateko zuzendariaren dimisioari kasu egiteko. Fernando Perezek Azkuna zentroko zuzendaritza utzi du, Rodriguezek egin zuen bezala. Baina biek ala biek euren lanarekin jarraitu nahi zuten. Bi kasuetan, zuzendaritza uzteko arrazoia indar politikoen presioa eta kulturaren baldintzapena izan dira. Perezen kasuan, dirudienez, La Caixaren STEAM gela bat eraikinean txertatu nahi ez izateagatik. Nolakoak diren gauzak: Perezek dimisioa eman zuen egunean entzun nuen Caixabank dela estatuan etxebizitza gehien dituen enpresa. Baina Bilboko Udalak, alegia, guk, eraikin publiko baten erabilera emango diogu eta arkitektonikoki moldatuko dugu bere beharretara egokitu dadin. Baliabide publiko batek publiko izaten jarraitu zedin eskatzea izan da Perezen bekatu mortala. Hala ere, Perezek udalarekin zuen tirabira ez omen zen oraingoa: aurretik jada presioak jasan zituen artearekin zerikusirik ez zuten erakusketak zentroan txertatzeko. Rodriguezi antzeko zerbait gertatu zitzaion: publiko gehiago erakartzeko presioa etengabekoa izan zen, erakusketa errazagoak eta ulergarriagoak egin zitzan. La Caixaren STEAM gelak Azkuna zentroko artisten laborategi eta erresidentzien esparrua hartuko du. Tabakaleran zein Azkuna zentroan, artea gehiegi omen da; erakartzen dituen turista gutxientzat gehiegi. Arteak esperimentaziorako esparruak izaten jarraitu zezala aldarrikatzea izan da Perezen akatsa. Perezen eta Rodriguezen kasuen atzean marko bera dago, kultur politika beren emaitza dira. Gure herrian, eta Guggenheim efektuaren ondorioz, balio propioak zituen alderdi baliotsua izatetik zerbitzuak elikatu behar dituen tresna ekonomiko izatera pasatu da kultura. Galdeketa bat egin dezala soziologoren batek Bilbon, ziur bainago biztanleen %75 ados egongo zirela «museoen funtzioa turismoa erakartzea da» esaldiarekin. Horregatik ez da Fernando Perezen dimisioaren inguruko zalapartarik egongo, eta agian hurrengo zubian, edo Aste Santuaren aurreko egunotan, egunkarietako orrialde ezkutuenetan argitaratuko da Azkuna zentroko hurrengo zuzendaria ez dela arte aditu bat izango, ekonomista, kudeatzaile edo kargudun politiko bat baizik. Kultura errekurtso bat bada, onurarik handiena atera behar zaiolako. Garaiz al gaude marko hori apurtzeko? Bilbon, behintzat, zaila dirudi.
Lourdes Fernandezi erreleboa hartuta heldu zen Bilboko Azkuna zentroko zuzendaritza kargura Fernando Perez. 2018ko maiatzean izan zen, eta, sei urte pasako ibilbidearen ondoren, postua uztea erabaki duela jakinarazi du zentroak gaur arratsaldean. Ohar bidez eman dute berria, eta zehaztu dute Perezek «borondatez» erabaki duela postuari uko egitea, eta hala adierazi diola Juan Mari Aburto Bilboko alkateari ere. Egindako ahalegina eskertu dio Perezi ohar berean Aburtok, eta gaur arte zuzendari izandakoak ere eskerrak eman dizkio Bilboko Udalari, aukera eman baitio «testuinguru artistikoari lotutako proiektu garrantzitsu honen buru izateko». Perez «harro» azaldu da «punta-puntako eta erreferentziazko zentroa» uzten duelako, «programazioaren kalitateari eta sorkuntza artistikoaren sustapenari dagokionez». [articles:2134922] Zentroko iturriek azpimarratu dutenez, Perezek beti izan du «lotura nabarmena kulturaren ildo eraldatzailearekin», eta arte eszenikoei, zinemari, ikusizko arteei zein literaturari loturiko jaialdi eta programen zuzendari eta koordinatzaile aritu da urtetan. Tartean, Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendaria, Japan Foundation for Performing Arts erakundeko aholku batzordeko kidea, Uharte Arte Garaikideko Zentroaren Patronatuko kidea eta Jorge Oteiza Museo Fundazioaren Patronatuko idazkaria ere izan da. Kargua uzteko bestelako arrazoirik ez dute aipatu oharrean. Dena den, hainbat komunikabidek azken asteotan aipatu dute tirabiraren bat egon dela Azkuna zentroko zuzendaritzaren eta Bilboko Udalaren artean, La Caixa fundazioaren proiektu bat tarteko. Steam izeneko gela bat ezarri asmo du bankuak Bilbon, eta Azkuna zentroaren barruko Lantegi eremua jo dute begiz horretarako — egun artisten egonaldientzako eta proiektuetarako erabiltzen da eremu hori—. Zenbait komunikabideren arabera, egitasmo horren aurka egon da hasieratik Perez. Hain justu, gaiaren inguruan idatzi du asteon Haizea Barcenilla EHUko irakasle eta BERRIAko kolaboratzaileak.
Epaileak artxibatu du Osakidetzaren 2016-17ko Lan Eskaintza Publikoaren ustezko filtrazioen auzia. Epaitegiko titularraren ustez, “ez dago legez kontrako delitua egin izanaren arrazoizko zantzurik”, bi ikertuen kasuan izan ezik, horien auzia behin-behinean artxibatu baita.
Osakidetzak 360 profesionalekin indartuko du Lehen Mailako Arreta. Halaber, 120 milioi inbertituko ditu osasun zentroetan, eta Lan-eskaintz publiko baterako deialdia egingo du, lehiaketa bidez, betetzeko zailak diren lanpostuetarako.
«Eusko Jaurlaritzari dagokio mugitzea; guk argi esan dugu zein den gure motibazioa: norabide politikoa aldatzea, eta herritarrak baldintzatzen dituzten arazoei konponbideak ematea». Horrela mintzatu da Nerea Kortajarena EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea aurrekontuen negoziazioez. Azaldu du biharko eguna «aukera paregabea» dela «herritarren beharrekin konektatzeko, konponbidea emateko etxebizitzaren arazoari, eta lana eta prekaritatea ez daitezen sinonimo izan». Hortaz, haren irudiko, Eusko Jaurlaritzari dagokio «akordio politikorik nahi duen erabakitzea». Izan ere, bihar 09:30etik aurrera 2025erako EAEko Aurrekontu Orokorrei buruzko legearen proiektuaren zuzenketa partzialen eztabaida eginen dute Eusko Legebiltzarrean. Kortajarenak erran duenez, mahai gainean egonen dira «herritarrekin konektatzea ahalbidetuko duten proposamenak», eta alderdiek aukera izanen dute horien alde bozkatzeko. Gehitu du Arabaren adibideak erakusten duela EH Bildu akordioetan egon daitekeela «borondate politikoa badago»; astelehenean lortu zuten oinarria, eta gaur berretsi dute oinarriek. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren gobernuak PPren edo EH Bilduren babesa behar zuen, EAJ eta PSE-EE gutxiengoan gobernatzen ari baitira. Erran du koalizio subiranistaren proposamenek etxebizitzaren eta lanaren alorretako arazoei erantzun nahi dietela, eta orain Jaurlaritzari dagokiola «mugitzea». «Gure akordiorako borondatea argi gelditu da». Negoziazio prozesu luzea Astearte honetan, PPk, Sumarrek eta Voxek Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei jarritako osoko zuzenketak atzera bota zituen Eusko Legebiltzarrak, eta EH Bilduk negoziatzen jarraitzeko bidea zabalik uzten zuelako mezua helarazi zuen. Aurrekontuen behin betiko bozketa hilaren 20an izango da, baina Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren lehen aurrekontuak ez dira kolokan egon inoiz ere, EAJren eta PSE-EEren artean gehiengoa baitute ganberan. «Gure abstentzioak bidea eman nahi du funtsezko akordioetara iristeko bi gai oso garrantzitsutan: etxebizitza eta gutxieneko soldata. EH Bildu mugitu egin da eztabaida honetan; orain, gobernuari tokatzen zaio». Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea oso argi aritu zen osoko bilkura hartan, koalizio subiranistaren eta gobernuaren arteko negoziazioaren pilota azken horren teilatuan zegoela helarazita. Halaber, negoziazio horietan aurrerapausoak eman direla adierazi zuen, Jaurlaritzako Ogasun Sailburu Noel D’Anjouk: «Bi aldeen jarrerak eta esfortzuak fruituak eman ditu». Urriaren 25ean aurkeztu zuen 2025eko aurrekontu proiektua Jaurlaritzak. Pradales lehendakariak azaldu zuen zerbitzu publikoak «indartzea» eta industriari bultzada ematea duela helburu. 5.728 milioi euroko aurrekontu proiektua da mahai gainean dagoena, iaz baino 703 milioi gehiago (+%4,7). Osasun Sailak 5.000 milioi baino gehiago izango ditu gastatzeko; horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar bakoitzeko osasun gastua 2.300 eurotik gorakoa izango da aurrenekoz. Proiektua aurkeztu eta negoziazioak abiatu zituen D’Anjou sailburuak oposizioko taldeekin. Baina lehen sorta baten ostean, negoziazio horiek emaitzarik gabe bukatu ziren PPren eta Sumarren kasuetan. Sumarrek 755 milioi euroren zuzenketak aurkeztu zituen hasieran, baina, gero, osoko zuzenketa iragarri zuen, baita PPk ere; biak ere baztertu egin dituzte astearte honetan, Gasteizko ganberan, eta EH Bildu geratu zen gobernuarekin akordioa egiteko aukera zuen oposizioko talde bakar gisa; alegia, ganberako legebiltzarkide gehien dituena, EAJren pare.
FIFAk berretsi du 2030eko Munduko Kopa Portugalek, Espainiak eta Marokok antolatuko dutela elkarrekin. Halaber, jakinarazi du Saudi Arabian jokatuko dela 2034koa. Oraindik ez dute argitu udan edo neguan jokatuko den. Baina litekeena da neguan jokatzea, Qatarren geratu bezala. Ia aho batez onartu dute izendapena FIFAko hautaketa batzordea osatzen duten 211 kideek. Norvegiako ordezkaria izan da aurka agertu den bakarra, Saudi Arabian gertatzen diren giza eskubideen urraketa tarteko. 2022an Qatarren jokatu zen Munduko Koparen aurka ere protestak izan ziren. Baina FIFAk izendapenari eutsi zion, eta txapelketan izan ziren protestak ere isilarazten saiatu zen. Besteak beste LGTBI kolektiboaren eskubideen alde egin ziren elkarretaratzeak isilarazi zituen. Gianni Infantino FIFAko presidenteak atzo adierazi zuen, kontuan hartzen zuela Norvegiaren kexua, eta bere garaian erantzungo diola. Baina oraingoan ere zail dirudi atzera egitea erabakitzea. Saudi Arabian jokatu den Munduko Kopan 48 selekzio arituko dira lehian, inoizko gehien. Hautagaitzak azaldu duenez, 15 estadiotan jokatuko da, eta horietatik 11 berriak izango dira. Egoitzak hauek izango dira: Riad, Jeddah, Khobar, Abha eta Neon. Azken hori Saudi Arabia herrialdearen ipar-ekialdean, Sinaiko penintsularen parean, eraikitzen ari den hiri ekonomiko-teknologiko berria da.