Bizkaiko Foru Aldundiaren zaintzapeko 34 adingabek sexu askatasunaren aurkako…
2017 eta 2022 bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiaren zaintzapeko 31 adingabek sexu askatasunaren aurkako delituak salatu zituzten. Horietatik 25 neskak ziren, eta gainerakoak, mutilak. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza saileko diputatuak eman ditu datuok gaur, alderdi popularrak eskatuta, Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzaren Batzordean egindako agerraldian. Antxustegik zehaztu duenez, salaketa horietatik guztietatik bakarra dagokio aldundiaren zentro baten «barruan» gertatutako zerbaiti. Ustez delitua egin zuten gainerakoak ez zituen aldundiak zaintzen. Biktima guztiak zeuden aldundiaren zaintzapean. Iaz ere aldundiaren zentroetan gertatutako hiru delitu salatu zituzten. Hain zuzen, Antxustegik esan du oraintxe bertan «hiru atestatu» daudela irekita. Datuak aurkeztuta, argi utzi du ez dela «ohikoa» Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen zentroetan horrelakorik gertatzea. Are, esan du ezen, halakorik gertatu behar ez litzatekeen arren, ez dela «alarma sortu» behar. «Ez da estigmatizatu behar, eta informazio horri ezin zaio bidea eman aldez aurretik egiaztatu gabe», azpimarratu du. Bide batez, Antxustegik argitu nahi izan ditu EAEko Fiskaltzak duela gutxi argitaratu dituen datuak. Fiskaltzaren txostenaren arabera, iaz, adingabeek sexu askatasunaren kontrako 80 delitu egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Antxustegik gogoratu du kopuru hori adingabe guztiei dagokiela eta ez soilik zaintzapeko adingabeei. Bestalde, adingabeen kontrako 42 salaketa jarri zituzten iaz sexu askatasunaren kontrako delituengatik. Horietatik sei artxibatu egin zituzten, egileek 14 urte baino gutxiago zituztelako, eta beste bost ez zituzten onartu, delitu penala «behar bezala justifikatuta» ez zegoelako. 42 salaketa horietatik hamabitan zaintzapeko adingabe bat zegoen tartean. Hau da, gazte horiek izan ziren biktima edo erasotzaile. «Kasu horietan guztietan» erakundeak berak jarri zuen salaketa fiskaltzan, Antxustegik esan duenez. Izan ere, fiskaltzaren txostenak aldundien jarduna txalotu du, eta adierazi hori izan daitekeela salaketa kopurua areagotu izanaren «arrazoi posibleenetako» bat. 2022an, 30 salaketa aurkeztu zituzten. Komunikabideetan argitaratzen diren informazioekin «zuhur» jokatzeko eskatu du diputatuak, adingabeak «ez estigmatizatzeko» eta haien «babesa bermatzeko». Izan ere, alderdi popularrak azaroaren amaieran eskatu zuen Antxustegiren agerraldia, komunikabideetan «sexu abusuen salaketei buruzko albisteak» ikusi eta gero. Generoaren arabera EAEko Fiskaltzak duela aste batzuk eskatu zuen adingabeen zentroetako gazteak sexuaren arabera banatzea, «sexu erasoak gertatu ez daitezen». Antxustegik esan du eskaera jaso dutela, eta aztertu egingo dutela. Argi utzi du oraindik ez diotela erantzunik eman fiskaltzari, eta euren erabakia «irizpide teknikoetan» oinarrituta egongo dela, haurren ongizatea lehentasuna izanik. Are, ahaidetasuna ere hartuko dute kontuan, ongizate emozionalarengatik «ez baita komenigarria» anai-arrebak bereiztea. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak zentroen segregazioaren aurka egin dute. Koalizio abertzalearen ustez, ez du zentzurik segregazioaren aukera aztertzeak, «denboran atzera egitea» izango litzatekeelako. Zuhur jokatzeko eskatu dio aldundiari, adingabeei buruz hitz egiten ari direlako. Era berean, PPren «arduragabekeria» kritikatu du, «sexu abusuak bakarrik dauden adingabe migratzaileekin lotzen saiatzeagatik». Elkarrekin Bizkaia taldearentzat ere segregazioak ez dauka zentzurik. Aipatu du haurren sareak tresna ugari dituela, «esparru diferenteetan lan egiteko». Besteak beste, sareak aukera ematen du «prebentzioan lan egiteko, biktimei laguntza emateko eta erreparaziorako». PSE-EEk adierazi du fiskaltzaren gomendioarekin «urte asko» egingo dutela atzera. «Lehen hori zen norma, eta inoiz ez zen giro soziala hobetu». Alderdi popularrak esan du aldundiak hasieratik baztertu duela segregazioaren aukera. Hori dela eta, «berriro pentsatzeko» eskatu dio. Halere, diputatuak eta EAJk adierazi dute oraindik ez dutela erantzunik eman. EAJk, berriz, garrantzitsutzat jo du adingabeak «ez estigmatizatzea», eta balioa eman dio harrera sarearen konfigurazioari. Adierazi duenez, «beti irizpide tekniko eta profesionalei» erantzun die.
Sindikatuek borroka iragarri dute, eta Foru Gobernua eta alderdiak…

Sindikatuek borroka iragarri dute, eta Foru Gobernua eta alderdiak kezkatuta agertu dira BSHren itxierarekin
BSH etxetresna fabrikatzaileak iragarri du Eskirotzen duen lantegia ixteko…

BSH etxetresna taldeak iragarri du Eskirotzen duen lantegia ixteko asmoa duela
Launa greba egun deitu dituzte EAEKo eskola publikoetan, haur-eskoletan…

2025ko urtarrilerako eta otsailerako launa greba egun deitu dituzte EAEko ikastetxe publikoetan, haurreskoletan eta garbitzaile eta sukaldarien artean.
Realak ezin izan dio golik egin Las Palmasi
Bolada bikainean dabiltzan bi talde izan dira aurrez aurre Anoetan, eta nabaritu da. Neurketa ikusgarria jokatu dute Realak eta Las Palmasek, markagailuak berdina erakusten ez duen arren (0-0). Aukera bikainak izan dituzte bi taldeek, azken minutuetan etxekoek gehiago estutu duten arren. Ohiko hamaikakoa zelairatu du Imanol Alguacilek, eta lehen hamar minutuetan estutu du Realak. Pare bat aukera ere izan dituzte txuri-urdinek, baina ez Las Palmasek jarraian izan dituen bezain argiak. Heroiaren kapa jantzi du Remirok bitan, Mataren eta Moleiroren parean. Oiartzabalek ere abagune paregabe bat izan du, baina zutoinera bidali du area erditik bakar bakarrik egin duen jaurtiketa. Hutsean heldu da partida atsedenaldira, sinestezina zirudien arren. Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Realeko jokalari ohi batek, Sandro Ramirezek, Oiartzabalenaren pareko aukera bat izan du, baina zutoinean jo du hark ere. Erritmoa zirraragarria izan da. Lehen minutuetan bisitariak hobeto, baina Olasagastiren eta Barrenetxearen aldaketekin joera irauli du Realak. Horrela, azken ordu erdian gogotik saiatu dira etxeko jokalariak, baina baloiak ez zuen sartu nahi gaur. Sailkapen nagusian zazpigarren da Reala, 25 punturekin.
Bana berdindu dute Alavesek eta Athleticek
Lehen zatia Athleticentzat, eta bigarrena Alavesentzat. 1-1. Horrela laburbildu daiteke gaurko partida. Zuri-gorriek sei garaipen zeramatzaten jarraian, eta olatuan igota egin dituzte lehen 45 minutuak. Hurrengo erdian, ordea, indarrak ahitu zaizkie, hobea izan da etxeko taldea, eta gola ere egin du. Berdinketa Mendizorrotzan. Chacho Coudeten aroko bigarren partida izan da gaurkoa ligan, bigarren derbia, eta bigarren berdinketa. Ez da neurketa ikusgarria izan, baina bai intentsitate handikoa. Bederatzigarren minutuan jokaldi ederra haritu du Athleticek, Iñaki Williamsek pase bikaina egin dio Unai Gomezi, eta bermeotarrak ederki amaitu du jokaldia. Eroso zeuden bizkaitarrak, baloia aurrekaldean berreskuratzen eta arriskua sortzen. Coudet bere estiloa ezarri nahian dabil, eta agerikoa da oaindik fintzeko duela sistema berria. Bigarren zatian joko zuzenagoa egin dute etxekoek, eta nabaritu da aldaketa. Athletic ez da eroso egon. 66. minutuan Guridik errematatu du area ertzetik, zenbait hankaren artean pasa da baloia, atepera itzuli den Unai Simonek ez du harrapatu baloia, eta aldaratzea baliatu du Jordanek gola egiteko. Amaierara arte baloia kontrolatu ezinda ibii dira bi taldeak; lehia asko eta joko gutxi. Polemikarako tartea ere izan da: luzapenean gola egin du Vivianek, baina balio gabe utzi du epaileak. Sailkapen nagusian, behin behinean, Athletic laugarren da 33 punturekin, eta Alaves hamaseigarren hamasei punturekin.
Auto gidari bat hil da N-1 errepidean, Tolosa parean
N-1 errepidean, Tolosa parean (Gipuzkoa), auto bat errepidetik irten da gaur arratsaldean, irauli egin da eta bertan hil da gidaria. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzuak heltzerako hilda zegoen gizona. Istripua 17:00 inguruan gertatu da, eta auto pilaketak eragin ditu N-1ean. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.
Trilanticek Talgon duen partaidetza erosteko aukera alde batera uzteko…

Trilanticek Talgon duen partaidetzaren erosketa uzteko mehatxua egin du Sidenorrek. Sidenorreko iturriek azaldu dute Talgon sartzea ez dela “hil edo bizikoa”. “Egungo akziodunek ez bagaituzte Talgon nahi, baztertu egingo gara denborarik eta energiarik alferrik ez galtzeko”, adierazi dute.
Javier Echenique hil da, BBVAren kontseilari ordezkari ohia eta…

Javier Echenique hil da, BBVAren kontseilari ordezkari ohia eta Telefonicaren presidenteordea. 74 urte zituen, eta gaur egun ACSren Administrazio Kontseiluko kide ere bazen.