Kolektiboak ErNEk, ESANek eta SIPEk sinatutako aurreakordioa kritikatu du, “inola ere ez dutelako gehiengoa ordezkatzen”, eta dagoeneko “agortuta” eta “iraungita” daudela uste baitu.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du gaur arratsaldean Irunen (Gipuzkoa), amari labana batekin eraso egitea leporatuta. Emakumea ospitaleratu egin behar izan dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 47 urteko gizonezkoa 13:30 aldera joan da amaren etxera, eta han egin dio eraso aiztoarekin. Gizonaren izeba batek eta bikotekideak artatu dute andrea lehenik, eta gizonak etxetik ihes egin du. Handik minutu gutxira atxilotu du Ertzaintzak, hilketa saiakera leporatuta. Epailearen aurretik pasatzekoa da.
Gutxienez hamar lagun hil dituzte gaur goizean Orebro hirian (Suedia), helduentzako eskola batean izandako tiroketan. Ordu honetan, Poliziak ez du argitua hildakoen kopuru zehatza, baina jakinarazi du horien artean dela erasotzailea. Stockholm hiriburutik 200 kilometro mendebaldera dago Orebro. Suediako lehen ministro Ulf Kristerssonek herrialdean historiako tiroketarik «lazgarriena» izan dela esan du arratsaldean emandako prentsaurrekoan. Orebroko Poliziaren buruak ere hitz egin du prentsaren aurrean, eta ziurtatu du erasotzaileak ez zuela aurrekaririk, eta bakarrik jardun duela uste dutela. Halere, ez du baztertu beste norbaiten laguntza jaso duenik.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurrera atera nahi duen herri ekinaldi legegilea (HEL) hauspoa hartzen ari da. Sinadurak biltzeko kanpaina abian dute, eta Euskal Herriko 288 pertsona ezagunen atxikimendua lortu dute. Sinatzaileek bere egiten dituzte pentsiodunen eskaerak, eta irizten diote «premiazkoa bezain ezinbestekoa» dela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa legez ezartzea, milaka pentsiodunek bizi duten egoera zaurgarria «bidegabekeriatzat» baitaukate. Atxikimendu zerrenda mamitsua aurkeztu dute pentsiodunek Bilbon, Kafe Antzokian eginiko ekitaldi batean. Arlo askotako jende ezagunaren babesa jaso dute. Ez da erraza entresaka egiten, baina zerrendan ageri dira, besteak beste, Itziar Ituño eta Ramon Agirre aktoreak, Lucia Lakarra dantzaria, Jose Angel Iribar futbolari ohia, Pako Etxeberria auzitegi medikua, Juanito Oiarzabal mendigoizalea, Benito Lertxundi abeslaria, bertsolari asko, Euskal Herrian ordezkaritza duten ia sindikatu guztietako idazkari nagusiak, eta Joseba Azkarraga, Martin Garitano eta Isabel Lopez politikari ohiak. Pentsiodunek argi dute ahalik eta sinadura gehien biltzea dela HELa onartua izateko bermerik sendoena, eta nahi dute 10.000 sinaduren langa txiki gelditzea Ekitaldi dotorea izan da, bertsoz eta olerkiz ondo hornitua. Rikardo Gonzalez de Durana bertsolariak ekinaldia zein beharrezkoa den azaldu du, «miseriazko pentsioetatik duintasun pentsiora igarotzeko» beharra aipatuta. Ondoren, HELaren aldeko manifestua irakurri dute Toti Martinez de Lezea idazleak, Arantxa Fernandez de Garaialde Hitz&Hitz fundazioko kideak, Jose Luis Otamendi idazleak eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohiak. Iazko irailaren 26an aurkeztu zuten HELa Eusko Legebiltzarrean, eta ganberako mahaiak onartua du. Haren inguruko eztabaida egin dadin, 10.000 sinadura behar dituzte, eta, haien kalkuluen arabera, langa igaro dute jada. Ekinaldiaren bultzatzaileek helburua, baina, askoz gehiago izatea; are, argi dute ahalik eta sinadura gehien biltzea dela hura onartuko dutela ziurtatzeko bermerik sendoena, eta sinatzaile ezagunek horregatik dei egin diote gizarte zibilari. Astero herri eta hiri askotan biltzen dituzte sinadurak. HELaren aldeko manifestua irakurtzeko ekitaldian bildutakoak, Bilboko Kafe Antzokian. ARITZ LOIOLA / FOKU Beren babesa berresteko manifestuan, sinatzaileek zuzen-zuzenean egin diote eskaera bat Eusko Jaurlaritzari: erantzukizun hori bere gain har dezala beharrezkoa diren baliabide ekonomikoekin, eta gogoratu diote «nahikoa eskumen» badituela horretarako. Lege ekinaldi horren bidez, bermatuko da zahartzaroan duintasunez bizitzeko diru sarrera egokiak izatea, pentsioak garaian garaiko gutxieneko soldatarekin berdinduz. Hori lortzeko, eskatzen dute kopuru horretara iristen ez diren pentsioen onuradunei «beharrezko osagarria» aplikatzeko, eta «eskumena duen administrazioak» legea ofizioz aplikatzeko. Pentsiodunek, halaber, esana dute euskal pentsio sistema publikoa lortzea dutela helburu. Manifestuan, beste behin nabarmendu dute emakume pentsiodunen egoera are larriagoa dela, bereziki alargunena. Langile izandakoek lan baldintza kaskarragoen eragina nozitzen dute erretiroa hartzean ere, eta pentsio txikiagoak dituzte. Larriago daude kotizaziorik gabeko pentsiodunak, eta gehien-gehienak emakumeak dira «Kotizatu gabeko pentsioak 500 euro pasatxokoak dira, eta horien %70 emakumeek jasotzen dituzte». Eskaeraren Sinatzaileetako batzuk Arte eszenikoak eta bertsolaritza. Lucia Lakarra, Joxemari Agirretxe ‘Porrotx’, Ramon Agirre; Ylenia Baglieto; Elena Irureta; Itziar Ituño; Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin. Erakunde politikoetako kide ohiak. Joseba Azkarraga, Helena Franco, Martin Garitano, Isabel Lopez, Javier Madrazo, Jose Navas eta Jaime Tapia. Musika. Anari Alberdi, Eñaut Elorrieta, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Olatz Salvador, Joseba Tapia, Mikel Urdangarin eta Josu Zabala. Kirola. Helene Alberdi, Iñaki Artola, Jose Manuel Esnal Mane, Alberto Iñurrategi, Jose Angel Iribar, Juanito Oiarzabal; Iñaki Osa Goikoetxea, Maider Unda eta Garikoitz Uranga. Kazetaritza. Lorea Agirre, Anakoz Amenabar, Dani Garrido, Amaia Goikoetxea, Amagoia Mujika, Martxelo Otamendi, Arantxi Padilla, Maider Segurola, Ilaski Serrano, Joseba Solozabal, Iñaki Soto, Teresa Toda, Arantxa Urretabizkaia eta Xabier Usabiaga. Bestelakoak. Pako Etxeberria (auzitegi medikua) eta Iñaki Goirizelaia (EHUko errektore ohia).
Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean dagoen Goma hiria hartu zuen M23 Martxoak 23 Mugimenduak urtarrilaren 27an. Bada, matxinoek atzo iragarri zuten su etena egingo zutela, eta gaur abiarazi dute. Bart su etenaren berri emateko oharrean matxinoek azaldu zutenez, «arrazoi humanitarioengatik» erabaki dute erasoak behin-behinean etetea. Erabakia aldebakarrekoa izan da, Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak ez baitu bat egin su etenarekin. «Egungo egoera humanitarioa Kongoko Errepublika Demokratikoak eragindakoa» dela argi utzita, borrokak etetea erabaki du M23 taldeak. Bestalde, matxinoen bozeramaile Lawrence Kanyukak su etenaren berri emateko argitaratutako oharrean Kongoko armadari leporatzen dio hegazkinak erabiliz matxinoen kontrolpean dauden guneak bonbardatzen aritzea. Kanyukak ohartarazi duenez, haien helburua ez da herrialdeko beste eskualde batzuk hartzea, baina «konpromisoa» dute beren esku dituzten posizioak eta inguru horietan bizi diren zibilak defendatzeko. Atzo adierazi zuten arren ez dutela asmorik Iparraldeko Kivutik harago hedatzeko —Goma da eskualde horretako hiriburua—, matxinoek Goma hartu zuten egunean adierazi zuten herrialdeko hiriburua hartu nahi zutela. Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak, hala ere, behin baino gehiagotan esan du prest dagoela negoziatu eta gatazkari konponbide bat bilatzeko; horretarako, baina, aurretik bake akordio bat egitea ezarri du baldintzatzat. Gobernuaren eta matxinoen arteko gatazkan beste urrats bat izan zenetik, Afrikako hainbat nazioarteko erakundek negoziatzera deitu dituzte bi aldeak —Ruanda deitzen dute bileretara, eta ez M23, NBEren arabera Ruandako armadako 4.000 soldadu inguru M23ko kide baitira—. Kongoko Errepublika Demokratikoak, ordea, ez du parte hartu elkarrizketa horietan. 2.000 Azken astean zenbat lagun lurperatu dituzten Goman Matxinoek Goman —eta hiri inguruan— egin duten «sarraskia» irudikatze aldera, Kongoko Errepublika Demokratikoak zenbait datu eman zituen bart. Patrick Muyaya gobernuko bozeramaileak jakinarazitako datuen artean dago azken astean Goman lurperatu dituzten hildakoen kopurua: 2.000. Muyayak ohartarazi zuen, ordea, balitekeela gehiago ere izatea, zenbaketa horrek ez baititu barne hartzen «hobi komunetan» lurperatutakoak. Urtarrilaren 26ko asteburuan Goman borrokak areagotu zirenetik, bederatziehun lagun hil dituzte, OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak argitaratutako informazioaren arabera. NBEren organo horrek, hala ere, ohartarazi du balitekeela gehiago ere izatea, «gorpuek Gomako kaleak betetzen baitituzte». Atzo jakinarazi zuenez, gainera, urtarrilaren 26tik 30era 2.880 zauritu heldu ziren osasun zentroetara —datu hori Kongoko Errepublika Demokratikoak emandakoa da; OME Osasunaren Mundu Erakundeak, berriz, adierazi du 2.958 pertsona direla—. Nazioarteko presioa Horiek horrela, nazioarteak egunak daramatza bi aldeei presio egiten su eten bat adostu dezaten eta gatazka bide diplomatikoetatik konpon dezaten. Atzo, esaterako, G7koek ohar bat kaleratu zuten, eskatzeko laguntza humanitarioa «azkar, era seguruan eta ezein aldek eragotzi gabe» sar zedila eskualdean. Alemaniak, Kanadak, AEBek, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Erresuma Batuak osatzen dute G7koen taldea; gainera, EB Europako Batasunak ordezkaritza politiko iraunkorra du. Kongoko Errepublika Demokratikoak urteak daramatza barne gatazka betean, 1994tik hain zuzen. Hutuek tutsien aurkako genozidioa egin zuten orduan Ruandan —Kongoko Errepublika Demokratikoaren mugakide da Ruanda—. Herrialdearen ekialdean, M23k ekintza gehienak aurrera eramaten dituen eremuan, matxinoen ehun talde baino gehiago daude, NBEren datuen arabera. Horietan indartsuena M23 da, eta, 2012an sortu zen arren, taldearen eta herrialdeko armadaren arteko oldarraldiek gora egin zuten 2022an. Goma hartzeko operazioak, baina, egun gutxi batzuk iraun zuen.
Espainian 12 milioi langileri eragingo die lanaldiaren jaitsierak. 37,5 ordutik gorako lan astea duten enpresek 2025eko abenduaren 31era arteko epea izango dute neurria aplikatzeko.
«Merkataritza gerra ergelenaren ondorioak hasi dira». Batek pentsatuko luke Mexikotik edo Kanadatik agintariren batek egindako adierazpena dela, baina ez, The Wall Street Journal egunkari oso kontserbadorearen gaurko editorialaren izenburua da, Donald Trumpek uste baino jende gehiago dantzan jarri duen adierazle. Zenbaki gorriak burtsetan, dibisa eta zor merkatuak aztoratuta, petrolioa garestitzen… Gaur merkatu guztiak asaldatu dira, Trumpek asteburuan Kanadaren, Mexikoren eta Txinaren inportazioen gainean muga zerga orokorrak onartu ostean. Zergak indarrean gauerdian ezarriko dira. Baina ikusteko dago benetan hala izango den; gauza bat esan eta beste bat egiten abila baita AEBetako presidentea. Izan ere, gaur, muga zerga berriak indarrean sartu bezperan, Trump hizketan aritu da Mexikoko eta Kanadako agintariekin. Eta hasi da gidoia aldatzen. Mexikorekin «hilabete» bateko menia bat hitzartu du. Trukean, Claudia Sheinbaumen gobernuak iparraldeko mugara beste 10.000 soldadu bidaliko ditu berehala, Mexikotik AEBetara droga trafikoa eragozteko, bereziki fentaniloarena. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroarekin ere hitz egin du Trumpek. Euskal Herrian 21:00ak zirela hitz egin dute bi agintariek, gaur bigarrenez. Ia bi ordutara eman dute elkarrizketan hitz egindakoaren berri: besteak beste, adostu dute Kanadak «fentaniloaren fluxua geldiarazteko baliabideak» areagotzea, eta, AEBek Mexikorekin hitzartu bezala, Kanadan ere ia 10.000 langile ariko dira «muga babesten», Trudeauk jakinarazi duenez. Azken orduko akordioak gorabehera, AEBetako agintariak irmo eusten dio muga zergak ezartzeko asmoari. Zergatik aztoramen hau guztia orain? Muga zergak Trumpen kanpainako mantra handienetako bat izan ziren. Eta hauteskundeak irabazi eta orain arte behin eta berriz aipatu ditu. Analista eta aholkularitza handi batzuek, ordea, uste zuten Trumpen mehatxua ez zela horren urrun joango. Alegia, presidentearen oilarkerien atzean, Trumpen administrazioan egongo zela zentzudunen bat gauzak baretzeko. Horren adibidea da JPMorgan Chase inbertsio bankuaren ustea, zeinaren arabera muga zergen ezarpena atzeratu egingo zen. Asteburuan jada aldatu behar izan zuen iritzia, Trumpek muga zergak sinatu baino lehenago. Horregatik, Trumpek asteburuan zergak sinatzeak ekarri du merkatuen aztoramena. Trumpen muga zergak errealitate bihurtzeak ondorio larri eta sakonak izan ditzake Kanadarentzat, Mexikorentzat, Txinarentzat eta Europako Batasunarentzat, baita, guztien gainetik, AEBetako ekonomiarentzat ere. Hala ere, orain analista askok uste dute edo pentsatu nahi dute muga zergen indarraldia laburra izango dela. Hala adierazi du gaur bertan Goldman Sachs aholkularitzak, nolabait iradokiz zentzu pixka batekin jokatuko dutela azkenean, edo hala espero dutela. Lerrook idazterakoan, badago oraindik ere pentsatzen duenik zergak ez direla indarrean jarriko, eta Trumpek, azkenean, akordioren bat antzeztuko duela muga zergen ezarpena atzeratzeko. Zein da Trumpen logika muga zergekin? Dani Rodrikek ekonomistaren irudia erabiliz, Trumpek uste du muga zergak labana suitzar modukoa direla. Erabili nahi ditu bere ustez desorekatuak diren harreman komertzialetan abantaila irabazteko, eta horrekin, teorian, AEBetako industria berpizteko. Baina muga zergak erabili nahi ditu AEBetako Gobernuaren diru sarrerak handitzeko ere. Haren ustez, haien bidez, aberatsenen gaineko zerga murrizketei eutsi ahal izango die, eta sozietate zerga txikitu ahal izango du. Eta nazioarteko gatazketarako arma indartsu ere badira muga zergak Trumpentzat. Dirudienez, nahiago ditu zigor ekonomikoak baino. AEBek jada erabili dute muga zergen mehatxua Kolonbiarekin, hara deportatutako immigranteen auzian. Beharbada, beste zerbait ere ezkutatzen ari da muga zergen hedatzearen kontu honekin. Ez ote da izango atentzioa desbideratzeko mugimendu bat, atentzioa beste ekintza larriago, kezkagarriago eta kritikagarriagoetatik aldentzeko? Adibidez, Elon Musken taldea AEBetako Altxorrean egiten ari den horretatik? Baina Trump beste argudio batzuk ari da erabiltzen muga zergak justifikatzeko. Bai, aurretik aipatutakoa litzateke Trumpen logika muga zergen gai honetan, baina beste batzuk dira ematen dituen argudioak edo arrazoiak: immigrazioa, fentaniloa… Argudio horien atzean muga zergak ezartzeko oinarri legalak daude. «Alien ilegalak» eta «gure herritarrak hiltzen dituzten drogak», halakoak esanez argudiatu du Nazioarteko Larrialdirako Botere Ekonomikoen Legearen beharra (IEEPA) muga zergak ezarri ahal izateko. Larrialdia deklaratuz gero, lege horrek presidenteari botere zabalagoak ematen dizkio. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa, artxiboko irudian. MARCIN OBARA / EFE Zer gertatu da Mexikorekin? Bihartik aurrera Mexikoko ondasunek %25eko muga zerga izan behar zuten AEBetan, baina azken orduko akordio batek gutxienez hilabete atzeratuko du neurria indarrean sartzea. Fentanilo trafikoa eta arautu gabeko immigrazioa, horixek dira Trumpek Mexikori leporatzen dizkion bekatuak muga zergak ezartzeko. Eta, hain justu, bi alor horietan akordioren bat egiteko, hilabeteko epea eman diote elkarri AEBetako eta Mexikoko gobernuek. Batetik, Mexikok iparraldeko mugara beste 10.000 soldadu bidaliko ditu berehala, droga trafikoa eragozteko. Bestetik, AEBek armen trafikoa eragozteko lan egiteko konpromisoa hartu dute. «Hemendik aurrera bi gaietan hasiko gara lanean: segurtasuna eta merkataritza», esan du Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak. Muga zergak indarrean jarriz gero, auto industria izango da kaltetuena, eta inor gutxik zalantzan jartzen du luzaz irauten badute herrialdea atzeraldian sartuko dela. Zergatik muga zergak Kanadari? Kanadatik inportatutako ondasunek %25eko muga zerga izan behar zuten bihartik, baina azken orduko akordio batek saihestu egin du hori. Trumpek maiz aipatu du Kanadak AEBekin duen merkataritza superabita, baina superabit horretan pisu handia du petrolio kanadarrak. Haren ezaugarriak direla eta, AEBetako findegi askok petrolio mota hori soilik prozesatzen dute gaur egun; Venezuelaren petrolioa litzateke beste aukera bakarra.. Hala ere, esan bezala, Trump beste aitzakia batzuk ari da erabiltzen muga zergak arrazoitzeko. Fentaniloa da Trumpek Kanadaren kontra darabilen beste mantretako bat, baina egiaz, ez dauka oinarri handirik hori esateko; iaz, Kanadatik AEBetara pasatu nahian mugan atxiki zen fentanilo kopurua hamar kilo ingurukoa izan zen. Immigrazioari dagokionez, Kanada ez da, inondik ere, AEBetarako sarbide nagusia haien egoera arautu gabe iristen diren etorkinentzat. Hala ere, fentaniloaren eta migrazioaren kontakizuna bere egin du Trudeauk muga zerga 30 egunez atzeratzeko. Kanadak prest zuen erantzuna, ordea. %25eko muga zergak ezarri behar zizkien AEBetako inportazio jakin batzuei. Guztira 107.000 milioi dolarren balioa duten inportazioak zergapetzeko asmoa zuen. Lehen fase horretan elikagaiak (haragia, esnekiak, pasta…), edariak (ardoa, sagardoa, bourbona, pattarrak…), tabakoa, higienerako produktuak (perfumeak, xanpuak, xaboiak, komuneko papera…), pneumatikoak, poltsak eta maletak, egurrak, jantziak (berokiak, pijamak, elastikoak, barruko arropa…) eta beste produktu batzuk zeuden. Adituen arabera, muga zergak denbora luzean indarrean balira, baliteke Kanada atzeraldi ekonomikoan sartzea. Txinaren kasuan berdin jokatuko du? Txina ere ez da libratzen AEBetara fentaniloa sartzearen akusazioaz. Dena dela, nahiko argi dago Txinaren eta AEBen arteko botere borroka beste maila batean kokatzen dela, eta Pekin askoz ere etsai indartsuagoa dela Kanada eta Mexiko baino. Nola ez, AEBek Asiako erraldoiarekin duen merkataritza defizit handia arrazoi indartsua da %10eko muga zergak ezartzeko. Nola erantzungo dio Txinak Trumpi? Oraingoz, Txinak azaldu du Munduko Merkataritza Erakundera joko duela, baina oso neurri sinbolikoa da, MMEko apelazio batzordeak ez duelako funtzionatzen, AEBek ez duelako epailerik onartzen. Pentsa daiteke Xi Jinpingek badituela tresnak eta moduak Trumpen muga zergetatik libratzeko, edo haiek arintzeko. Edonola ere, «dagozkion kontrako neurriak» iragarri ditu Txinak. Trumpek gaur iragarri du 24 orduko epean Pekingo agintariekin hitz egingo duela. Kaja Kallas, Europako Batasuneko Kanpo Politikarako burua, gaur Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE Eta Europarekin? «Denbora kontua da». Igande gauean, Trumpek zalantzarako tarte gutxi utzi zuen esan ondoren denbora kontua dela AEBek Europako Batasunari muga zergak jartzea. Zenbat muga zerga, zeren gainean, hori ez dago horren argi. Horrez gainera, ez dago oso argi ere nola erantzun beharko liokeen Europako Batasunak. Petteri Orpo Finlandiako lehen ministro eskuindarra negoziatzearen alde azaldu da Bruselan, eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak muga zergei muga zergekin erantzuteko aukera aipatu du. Simon Harris Irlandako lehen ministroak Batasunak erantzun bateratu bat ematearen garrantzia azpimarratu du. Europako Batasuneko Kanpo Politikarako buru Kaja Kallasek adierazi du dagoeneko ari direla prestatzen erantzuna. Hala ere, Kallasek espero du merkataritza gerrari izkin egitea, «merkataritza gerretan ez baita irabazlerik». Zein izan daitezke Trumpen muga zergen ondorioak AEBetan bertan? Izan ere, Trumpek piztutako merkataritza gerra ondorioak izaten ari da dagoeneko AEBetan. Uste dute inflazioa handituko dutela, inportazioak, salgaiak, garestitu egingo direlako kontsumitzaileentzat. Hori aintzat hartu dute analistek, eta, esaterako, uztailetik irailera arte atzeratu dute Erreserba Federalak interes tasak jaisteko aukera. Dolar indartsuago batek —eta harekiko dolar kanadar, peso edo yuan ahulagoek— neurri batean konpentsatu dezake muga zergen garestitze hori, baina dolar indartsuak aldi berean kalte egiten die esportazio estatubatuarrei, haiek garestitzen dituelako, eta, horren ondorioz, lehiakortasuna murriztu. Uste dute horrek AEBetako industriari kalte egin diezaiokeela, eta enpleguak galaraztea ekarri. Adibidez, Erreserba Federalak kaleratu duen txosten batean diotenez, Trumpen lehen agintaldian indarrean jarritako tarifek industrian enplegua galtzea eragin zuten.