Nadia Erostarbe: «Oso esperientzia berezia izan da, asko disfrutatu…
Balentria egin du Nadia Erostarbe surflariak (2000, Zarautz, Gipuzkoa). WTC munduko surf zirkuitorik onenean parte hartu berri du. Hori lortu duen bigarren euskal emakume surflaria da, eta Espainiako Estatuko aurrenekoa. Pauline Ado hendaiarra bost urtez aritu zen maila gorenean. Bederatzigarren amaitu du Erostarbek Hawaiiko Lexus Pipe Pro txapelketan; final-zortzirenetan kanporatu du Caroline Marks estatubatuarrak. «Oso esperientzia berezia izan da, asko disfrutatu dut». Hawaiitik iritsi berritan prentsaurrekoa eman du gaur Donostian, Basque Teamek antolatuta. Han izan dira Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendaria eta Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Lehiaketa laburra egin zaiola aitortu du Erostarbek: «Luzatu nahiko nukeen, baina oso polita izan da». Iaz sasoi paregabea egin zuen zarauztarrak, eta gertu izan zuen CTrako igoera. Azken unera arte aritu zen borrokan. Egindako lan ona ez da oharkabean geratu, baina. Challenger Serieetako zerrendan seigarren postuan zen, eta hura hautatu dute Johanne Deday ordezkatzeko. WCTko lehen ekitaldia izan da Hawaiikoa. Azken momentuan jaso zuen proposamena. Urduri egon dela esan du Erostarbek, eta azaldu txapelketan ez dituztela oso olatu onak izan. Haren arabera, «jauzi handia» dago Challenger Serieetatik CTra, zirkuitu gorenera: «Surflariak zaintzen dituzte. Desberdina da, oso leku elitista. Hasiera batean kanpoan sentitu nintzen. Denak ezagutzen zuten elkar. Baina esperientzia polita izan da». Hala ere, ez da aritu bere onenean. «Gogo askorekin geratu naiz. Sentitu dut ez dudala nire surfa erakutsi. Prestatuago egongo naiz beste txapelketa batean norbaitek huts egin eta joan behar badut». Hiru hilabete min hartuta egon ondoren, txapelketara joan baino hilabete lehenago sartu zen berriro uretan Erostarbe. Hori «hesi handi bat» izan dela esan du. Gainera, presioa ere sumatu du, badakielako halako proba batek nolako dimentsioa eta ikusgarritasuna duen. Ez da makala, hala ere, lortutakoa. Munduko hemezortzi surflari onenekin aritu da lehian. Lehen txandan, Caroline Marksen eta Bella Kenworthyren aurka, bigarren postuan amaitu zuen. Final-zortzirenetan, baina, Marks berak kanporatu zuen. Ez da edonor estatubatuarra: urrezko domina lortu zuen iazko Olinpiar Jokoetan, eta munduko txapelduna izan zen 2023an. Iturriagak «mugarri historikotzat» jo du Erostarbek lortutakoa. Hala zuzendu zaio zarauztarrari: «Aitzindaria zara, eta bidea irekitzen ari zara esparru askotan». Bengoetxeak, Jaurlaritzaren izenean, lortutakoa aitortu nahi izan dio: «Zutaz oso harro gaude. Eredu bat zara».



