Realak luzapenean esan dio agur Kopari
Txuri-urdinak Real Madrilen pare aritu dira Espainiako Kopako final-laurdenetan, baina ezin izan dute kanporaketa gainditu. Arauzko denbora banakoarekin amaituta, luzapenean gailendu dira madrildarrak: 3-1. Ahituta bukatu du Realak, baina harro egoteko moduko partida egin dute Jose Luis Sanchez Verak zuzendutakoek. Estu hartu dute Real Madril ahaltsua, eta amaierara arte borrokatu dute lehia. Neurketa parekatua izan da, eta ondo egin diote aurre partidari donostiarrek. Asmatu dute planteamenduan, aurkaria desesoro eta galduta sentiarazteraino. Irmo eta nortasunez aritu da, berriz, Reala. Desberdinak izan dira bi zatiak. Lehenengoan, bi aukera egon dira, eta bi gol, alde banatan. Aurrenekoa Real Madrilek sartu du, Weirrek, 22. minutuan: kontrolarekin batera buelta erdia eman, eta ederki bukatu du jokaldia; ezin izan du ezer egin Letek. Madrildarrek gutxien espero zutenean, baina, erantzun du Realak, atsedenaldia heltzear zela. Amaiur izan da protagonista. Area ertzean baloia hartu, eta bi aldiz pentsatu gabe egundoko zartakoa eman dio. Ederra izan da gola, eta merezitakoa, bi taldeak parez pare ari zirelako. Ondo zelairatu dira txuri-urdinak. Baloia izaten saiatu dira, eta pazientziarekin jokatu dute, berdegunean ondo kokatuta. Lorena eta Cahynova atzelarietatik gertu aritu dira, baloi irteeran laguntzeko asmoz. Gauza bakarra falta zitzaien: zuloak topatu eta arriskua sortzea. Hots, lerroak gainditzea. Eraginkor aritu dira, baina: izandako bakarra sareetara bota du Amaiurrek. Momentu gako baten, gainera. Real Madril jokaldi solte batzuetan gerturatu da Realaren areara, baina hortzik erakutsi gabe. Askoz biziago hasi da bigarren zatia, eta gol aukerekin. Real Madrilek izan ditu garbienak. 47. minutuan geldiketa bikaina egin dio Letek Atheneari, eta bost minutu beranduago langara bota du baloia Bruunek. Lanean segitu dute txuri-urdinek, eta hartu diote neurria berriro partidari, metro batzuk aurrera eginda. Txuri-urdinek bazuten gainera aulkian artilleria gordeta. Bi jokalari garrantzitsu zelairatu ditu Realeko teknikariak: Nerea kapitaina eta Franssi aurrelaria. Talde lanean gogor segitu dute donostiarrek, eta eutsi diote lehiaren erritmoari. Konfiantzarekin sumatzen ziren, gainera, jokalariak. Pixkanaka, baina, hanketan pilatutako kilometroak eta intentsitatea nabaritu dira. Azken minutuetan erasora jo du Real Madrilek. Caicedok gertu izan du gola, baina ez du asmatu ate aurrean, eta Realak jakin du partida itzaltzen. Hala, ez da gehiago mugitu markagailua arauzko denboran. Luzapenerako, aldaketa hirukoitza egin du Real Madrilek, golaren bila. Azkar lortu du. Txuri-urdinak erasorako ahaleginean ari zirela, baloia galdu dute. Realeko jokalariak zelaian aurreratuta zeuden, eta kontraerasoan madrildarrek ez dute barkatu. Ezker hegaletik abiadura bizian ihes egin du Caicedok, Tolettiri utzi dio baloia, eta erdilariak gola sartu du. Lanean segitu dute txuri-urdinek, etsi gabe, baina luzapeneko bigarren zatia hasi eta berehala, erabakita utzi du kanporaketa Real Madrilek, Caicedok egindako gol batekin. Realak ez du helburua lortu: finalerdietara sailkatzea. Baina partida oso on bat eginda esan dio agur Kopari.


