EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta Aldatu Gidoia mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Bilbon, talde publikoak duen egoitza nagusiaren aurrean. Hainbat taldek eta norbanakok bat egin dute protestarekin. Elkarretaratzea egin dutenean, EITBko administrazio kontseiluko kideak iritsi dira egoitzara, han baitzuten bilera. Eta protestaren deitzaileek EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita! manifestua eman diete haiei. Atxikimenduen orria ere eman diete administrazio kontseiluko kideei. Fermin Zabaltza Aldatu Gidoia mugimenduko kideak gogoratu du haien egitasmoa hedabideetan euskara indartzeko asmoz sortu zela. «Uste dugu EITBk sekulako garrantzia duela gizartea euskalduntzeko lanean, eta rol are handiagoa izan dezakeela». Era berean, garrantzitsutzat jo du EITB barnetik ere euskalduna izatea. Miren Josu Arrazola ELA sindikatuko EITBko ordezkariak azaldu duenez, EITB barnean elkarrizketen erdiak ere ez dira euskaraz —kanpoko enpresa batek egin du ikerketa—. «Lan asko daukagu egiteko etxe barruan. Arduradunek ez badakite euskaraz, ez dute horretan laguntzen». Nagore de los Rios EITBko Social Media eta Eitb.eus-eko zuzendari hautatu zutenean, EITBko erredakzio kontseiluek, langile batzordeek eta Euskara Batzordeak salatu zuten «gutxietsi» egin zela euskara eskakizuna. Aldatu Gidoia elkarteak jakin zuen zuzendaritzako beste bi karguduni ere ez dietela C1a eskatu. EITB Mediako zuzendari Jose Luis Roman —lehen beste kargu bat zuen— eta EITBko zuzendari komertzial Ruben Irisarri dira beste biak. «Oso larria iruditzen zaigu. Atzerapauso bat da», dio Zabaltzak. ELAko ordezkariaren arabera, lan hitzarmenak langileen baldintzak jasotzen ditu, eta ez zuzendaritzarenak. «Baina badugu gordea 2000. urteko dokumentu bat, eta zuzendari nagusiari EGA tituluaren pareko eskakizuna ezartzen zitzaion. Euskara plan bat dugu, zuzendaritzak parte hartu zuen hura lantzen, eta planaren helburua da EITBn euskara sustatzea eta proaktiboki jokatzea». Euskaraz ez dakiten arduradunak izendatzen ari dira, ordea. «Lantaldeari inposatu egiten diote gaztelaniaz hitz egitea». ELAko ordezkariak argi du: «Langileek euskara eskakizuna izan behar dute, noski. Baina zuzendariek eta arduradunek ere bai». Gogoratu du berriki egonkortze prozesu bat egon dela. «Euskara eskakizuna zorrotz bete behar izan da, behar duen moduan». Ez da hala izan, ordea, zuzendaritzako hiru kargudunekin. ‘EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita’ elkarretaratzea egin dute Bilbon, EITBren egoitza aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Duela egun batzuk Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esandako hitzak gogoratu ditu Zabaltzak: «Lehendakariak esan du hizkuntza gutxitua dela, eta oldarraldi judiziala ikusita ez dutela onartuko atzerapausorik esparru publikoan. Ba, EITBn ikusi dugu hau atzerapauso bat dela, eta ez da epaiketen eskutik iritsi». Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak EITBko administrazio kontseiluan adierazi zuen orekatu egin behar dituela «profesionala eta hizkuntza». Aldatu Gidoia taldeko ordezkariaren iritziz, «euskararen etsaiek» planteatzen duten «dilema faltsua» dago hor: «Zer nahi duzu, mediku euskalduna ala mediku ona? EITBn profesional ona izateko, ezinbestekoa da euskaraz jakitea. EITBren helburu nagusietako bat euskara sustatzea da; batetik, kargudun horiek behartuko dituzte inguruko guztiak eguneroko lanean gaztelaniaz hitz egitera; eta, bestetik, nola izango da gai euskaraz ez dakien norbait edukiak egokiak diren ala ez ebaluatzeko, euskara egokia duten ala ez erabakitzeko… horren guztiaren doikuntza ezin du egin euskaraz ez dakien norbaitek. Absurdoa da». Arrazolaren iritziz, euskara egoera «oso zaurgarrian» dago Euskal Herrian. Kezkaz mintzatu da. «EITB komunikabide publikoa izanda, bestalde, botere politikoak indar handia du. Boterean dauden alderdi politikoen artean banatzen dituzte postuak. Eta, azkenean, gauden egoera honetara ekarri gaitu horrek. Ondorio bat hau da». LAB sindikatuko EITBko ordezkari Eider Jauregik «oso ontzat» jo du protesta: «Ikaragarri poztu gaitu EITBko langileek deialdiari eman dioten babesak. Langile asko jaitsi da elkarretaratzera, eta askok erakutsi dute ez daudela ados gertatzen ari denarekin». Beste alde batetik, euskalgintzak emandako laguntza nabarmendu du LABek: «Euskalgintzarekin eta euskaltzaleekin elkarlanean egindako deialdi bat izan da, eta etorkizunerako lankidetza bide berriak urratu ditugu honi esker. EITBko langileok euskalgintza behar dugu, eta uste dut euskalgintzak ere behar dituela EITBko langileak, EITB nahi dugun bidean jartzeko». Aldatu Gidoia elkarteko ordezkariak «pozik» azaldu dira deialdiak izan duen harrerarekin. «Oso denbora gutxirekin prestatu dugu, berehalako erantzun bat eman nahi genuelako. Ikusi dugu sindikatuak oso mobilizatuta daudela gai honen inguruan, eta bide judizialetik ere jo nahi dutela. Beharrezkoa da protesta iraunkorra egitea, justiziazkoa dena lortu arte; kasu honetan, zuzendaritzakoak euskaldunak izan arte». Iazko maiatzean manifestazio bat egin zuen Aldatu Gidoia elkarteak, Gasteizen. «Ordutik, egoerak okerrerantz egin du. Gu ez gaude EITBren aurka: guk EITBri lagundu nahi diogu bere jatorrizko helburuei heldu diezaien. Nazioarteko filmak euskaraz ez emateko erabakiarekin ere ez gaude ados, eta euskaltzaleok borrokan jarraitu beharko dugu». Jauregiren iritziz, izendapenekin sortu den «harrabotsa» ez zuten espero EITBko zuzendaritzakoek. «Honek guztiak, hurrengo erabakiak hartzen dituztenean, pentsaraziko die ezin dutela orain bezala jokatu. Langileok, euskalgintza, eta gizartearen parte handi bat ez daude ados EITBren zuzendaritzaren erabaki horiekin». ‘EITB EUSkALDUNA, ZUZENDARITZATIK HASITA’ PROTESTARI ATXIKIMENDUA EMAN DIOTEN ERAGILEAK: EITBko erredakzio kontseilua. ‘Eitb.eus’-eko erredakzio kontseilua. EITBko Euskara Batzordea. EITBko langile batzordeak. Hizkuntza Eskubideen Behatokia. Steilas sindikatua. AEK. Euskal Herrian Euskaraz. Gazte Euskaltzaleon Sarea. Pantailak Euskaraz. Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunea. Ikastolen Elkartea. Sortzen. Ahotsenea. Hau Pittu Hau. Administrazioan Euskaraz taldea. Arnas Dezagun taldea. Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko Mugimendua. Jardun euskara taldea. Zaparraie euskara taldea. Irunabar Irungo bertsoaren bilgunea. Gizabanakoen eta Gizarte Eskubideen Babeserako Elkartea. ‘Borrokan’ aldizkari anarkista. Naziogintza taldea. Legazpi 6 euskaltegia.
Nerabe batek salaketa bat eman du Sarako (Lapurdi) Izarra pilota taldeko hezitzaile batek argazki pornografikoak igortzen zizkiolako, Euskal irratien arabera. Zehaztu dutenez, Baionako auzitegiak joan den astean ireki zuen entrenatzailearen kontrako inkesta. Nahiz eta entrenatzailea atxiloalditik atera den, auzitegiak segurtatu du inkestak segitzen duela eta bi aldeak galdekatuak izan direla. FFPB Euskal Pilotaren Frantziako Batzordeko presidente Lilu Etxeberriak baieztatu du pilota entrenatzaileari lizentzia kendu diotela eta erabaki dutela Izarra pilota taldetik baztertzea. Bestalde, ohartarazi du Izarra taldearekin harremanetan diren familia guziek gertakarien berri ukan zutela gutun bidez. Hain zuzen ere, gutunean berean FFPBko zerbitzu egokietara bideratzeko laguntza eskaintzen die familiei, beharrik balute.
«Epaileek ere sinesten zaituzte». Mezu argi eta irmoa zabaldu du Gernikako Sare Feministak Mario Lopez Gernikako Lointek saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiari ezarritako epaiaren berri izatean. «Beti esan dugu epaitegietan ebazten zena ebazten zela guk erasotua sinesten dugula eta berarekin gaudela», adierazi dute. Izan ere, hasieratik erran dute, beren irudiko, legeak ez dituela adingabeak indarkeriatik babesten: «Legeak jendartearen atzetik doaz ia beti, eta gehienetan aldarrikapen sozialek eragiten dute lege horiek aldatzea», adierazi zuten epaiketa amaitu zenean. Gaur ontzat jo dute epaia: «Lopez entrenatzaile roletik eta herritik at izatea berme bat da, behintzat umeentzat eta emakumeontzat». Azpimarratu dute ez daudela zigor punitibisten alde, bai, ordea, justizia feminista baten alde. Nabarmendu dute biktimarendako «erreparatzaileak» izan diren momentuak bizi izan dituztela: «2023ko abenduko lehen manifestazio jendetsua, 2024ko atxikimendu eta babes kanpaina, epaitegi aurreko elkarretaratze zaratatsua eta abar». Hain zuzen, «konplizitate eta inpunitatea» salatzea helburu izanik, 2023ko abenduaren 18an egin zuten kasuari lotutako lehenbiziko manifestazioa, eta 3.000 lagun baino gehiago bildu ziren. Mobilizazioa akitu eta gero, ohar bat atera zuen klubak, eta salaketaren berri jaso izana ukatu. Taldeak berretsi zuen kargutik kendu zutela Lopez, eta barkamena eskatu zuten gai hori kudeatzeko orduan egindako hutsengatik. Geroztik herriko sare feministaren helburua izan da erasoa jasan zuenari babesa eskaintzea. Horretarako, bertze manifestazio bat antolatu zuten 2024ko abenduaren 14an, Gernikan bertan. Ehunka lagun bildu ziren Guk sinisten zaitugu, eta zurekin gaude! lelopean egindako manifestazioan. Sare Feministako kideek salatu zuten prozesu judizialak «birbiktimizazio arriskuak» dakartzala, eta, horregatik, biktimari babesa ematea eta elkartasuna adieraztea dela euren ekarpena. Manifestazio amaieran irakurritako adierazpenean, hainbat eragilek eta norbanakok ekintzaren garrantzia nabarmendu zuten, eta Lopezi eta «haren konplizeei» mezu argia bidali: «Ez zaitugu gure kaleetan nahi». Era berean, gogor kritikatu zuten saskibaloi taldeko zuzendaritzaren jarrera, «benetako ardurarik» hartu ez izana leporatuta. Mobilizaziora joan ezin zirenek ere biktima babesteko aukera izan zuten: herriko sare feministak atxikimendu kanpaina bat jarri zuen abian, eta 1.300 eragile eta banakok baino gehiagok eman zuten izena. Herritarren babesa Salaketa jarri zuenetik, biktima bi urte baino gehiagoz egon da epaiketaren zain: 2022ko ekainean jaso zuen Gernika-Lumoko (Bizkaia) epaitegiak kasuari buruzko salaketa. Horren berri jakitean, haserrea nagusitu zen herrian; erasoak arbuiatzeaz gain, herritarrek gogor kritikatu zuten saskibaloi taldeko zuzendaritzaren kudeaketa. Izan ere, hasiera-hasieratik, sare feministaren eta klubaren bertsioek ez zuten bat egin: feministek adierazi zuten 2023ko uda hasieran izan zutela gertatutakoaren berri. Uda hartan, klubarekin zenbait bilera egin zituzten, «egoerari irtenbide bat emateko». Klubak, ordea, sareari azaldu zion zailtasunak izanen zituela maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko. Azkenean, feministei jakinarazi zieten zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta hala izanen zela. Sareak, orduan, adierazi zien ez zegoela konforme erabakiarekin, eta akordio bat egiteko prozesua amaitu zuen.
Batez besteko erretiro pentsioa 1.828 eurora igo da Euskadin. Alarguntasun pentsioa 1.125,80 eurokoa da, batez beste, Euskadin. Nafarroan, berriz, batez besteko erretiro pentsioa 1.682 euroan dago eta laugarrena da, EAEren, Asturiasen eta Madrilen atzetik.
Jaurlaritzak 1.268 plazako Lan Eskaintza Publikoa egingo du irakasleentzako iralean. DBHko eta Lanbide Heziketako irakasleentzat izango da LEPa, eta laster iragarriko dituzte epeak eta baldintzak.
Friedrich Merz buru duen CDU-CSU blokeak irabazi ditu Alemaniako Parlamenturako hauteskundeak, botoen %28,5 lortu ditu, 22:30etako datuen arabera. Beraz, aurreikuspenetatik gertu geratu da, inkesta gehienek botoen %30 inguru ematen baitzioten. Europako ekonomia nagusiko bozetan, bigarren indar bozkatuena AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturrekoa izan da, botoen %20,6 pilatuta; hau da, duela lau urteko boz federaletan halako bi ia. Hauteslekuak 18:00etan itxi dituzte, eta hauteskunde batzordeak jakinarazi du parte hartzea %84koa izan dela; hau da, 1990ean Alemania bateratu zutenetik handiena. 59 milioi pertsonak zuten bozkatzeko aukera. SDP alderdi sozialdemokratak botoen %16,5 lortu ditu, Berdeek %11,8, eta Die Linke ezkerreko alderdiak %8,7. Zenbaketa ez da oraindik amaitu eta Bundestagen sartzeko beharrezkoa den botoen %5eko langa oso gertu dauka Bundnis Sahra Wagenknecht (BSW) taldeak — Die Linketik alde egindakoek sortutakoa—. Aukerarik gabe geratu da, berriz, FDP alderdi liberala, 2021eko hauteskundeetako botoen erdiak galdu baititu. Baina kontserbadoreek aliatuak beharko dituzte berriro gobernatu ahal izateko. Merz kantzilergaiak, alderdiaren liderrak, hitza hartu du CDUk Berlinen duen egoitzan, eta adierazi du «balizko bazkideekin» hitz egingo dutela, ahalik eta azkarren osatu ahal izateko gobernua. Adierazpen horiek aintzat hartuta uler daiteke, hortaz, ultrak ez dituela negoziazioetatik kanpo uzten, nahiz eta kanpainan esan duen inondik inora ez duela haiekin batera gobernatuko. Hori bai, pare bat ordu geroago berretsi du ez duela AfDren laguntza bilatuko. «Guk nahi dugunaren kontrakoa nahi dute; beraz, ez da posible haiekin gobernatzea», azpimarratu du Merzek, Alemaniako telebista publikoak hauteskunde federalen gauean kantzilergai guztiekin egin ohi duen saioan. Asmoa, Aste Santurako gobernua osatzea Alice Weidel AfDren buruak azpimarratu du, alderdiaren festan, aurreko bozekin alderatuta emaitzak bikoiztu dituen alderdi bakarra dela AfD. Gobernuan sartzeko prest daude, «errealitate» bihurtzeko «herriaren borondatea». Alice Weidel AfDko burua gaur, erdian, emaitzak ospatzen. MARTIN DIVISEK / EFE Koalizio Handia osatzea da aukera bat: hau da, CDU-CSUk eta SDPk bat egitea, Bigarren Mundu gerraz geroztik lau aldiz gertatu izan den bezala. 22:30eko emaitzen arabera, bien artean gainditu dezakete gehiengo osoaren muga, 316 botorena: CDU-CSuk 208 lituzke, eta 121, berriz, SPDk. Baina batuketa hori ez da nahikoa izango baldin eta azkenean BSW Bundestagen sartzen bada. Kasu horretan, gehiengo osoa izateko beste talde batek sartu beharko luke gobernuan, eta Berdeak dira hor aukerarik garbiena. Merzek gaur telebistan azaldu duenez, «beranduenez» Aste Santurako osatu nahiko luke gobernua; apiril erdialderako alegia. Ez dio atea ixten hiruko gobernu bati. «Ahaleginduko naiz osatzen gizartea ordezkatzen duen gobernu bat». Azkeneko gobernuko kide izan dira Berdeak, baina CDUren Bavierako bazkide CSUk ez du berekin gobernurik partekatu nahi. Markus Soeder Bavariako ministro-presidenteak argi esan du kantzilergaien telebista saioan: «Berderik gabeko gobernu bat izango litzateke gobernu hobe bat». Berdeen hautagai Robert Habecken hitzetan, ez diote uko egiten gobernuan jarraitzeari. «Ardurak hartzen segitu nahi dugu». Andreas Schafer Berlingo Humboldt Unibertsitateko Giza Zientzien Institutuko irakasleak asteon BERRIAri esan dionez, neurri batean AfDri herrialdearen ekialdean aurre egiteko alderdi bat da: «Badirudi BSWren formula dela kontu sozialetan oso ezkertiarrak izatea, baina beste batzuetan, immigrazioan esaterako, oso kontserbadoreak». Baina Die Linke izan da emaitza onak lortu dituena. Orain hilabete batzuk, parlamentutik kanpo uzten zuten inkestek. Azken hilabeteetan, baina, biziberritu egin da, eta BSW efektua, aldiz, apaldu. Heidi Reichinnek Die Linkeren liderrak alderdiaren festan gaur Berlinen esan duenez, «kontu sozialei» erreparatu dietelako lortu dutela emaitza hori. SDPren «porrot historikoa» Alderdi sozialdemokratak inoizko emaitzak txarrenak lortu ditu hauteskunde federal batzuetan: hamar puntu egin du behera 2021eko hauteskundeekin alderatuta. Eta alderdiaren idazkari nagusi Matthias Miersch aho bizarrik gabe mintzatu da hedabideen aurrean. Nabarmendu du «porrot historikoa» dela gaurkoa, eta «oso mingotsa» izango dela gaua. Olaf Scholz kantzilerrak ere hitz egin du, eta berretsi eskuin muturra inoiz ez dutela mintzakide gisa onartuko. Aurreko gobernua desegin eta hauteskundeetara deitu zutenean, abenduan, inkestek emaitza txarrak aurreikusten zizkioten SPDri. Halere, Scholzen hautagaitzari eutsi zioten, neurri batean Boris Pistorius Defentsa ministroak uko egin ziolako hautagaitzarengatik lehiatzeari. Behin bozak igarota, ikusteko dago nor izango den sozialdemokratek lider berria. Kontserbadoreek begi onez ikusten dute Pistorius izatea, hain zuzen, SPDren liderra Bundestagean, uste baitute balizko koalizio baten barruan ondo konpondu ahal izango dutela harekin. SDPk ez du, ez, oposiziora joteko asmorik, argudiatuta arduraz jokatu behar dela, eta ezin dela zirrikiturik utzi ultrak gobernuan sar daitezen. [articles:2137658] Merzi dagokionez, CDU-CSU kontserbadorea are eskuinerago eraman du, duela hiru urteko urtarrilean CDUren buruzagitza hartu zuenetik. Batetik, Angela Merkel aurreko kantziler ohi (2005-2021) eta alderdiaren buru izandakoak (2000-2018) baino jarrera gogorragoa du papergabeen auzian; are, paperik gabekoen aurkako borroka jarri du erdigunean kanpainan. Bestetik, sozialki alderdiaren ildo kontserbadoreena ordezkatzen du; baita esparru ekonomikoan ere, kapital handia babestu eta zergak murritu nahi baititu. Die Linkekoak gaur, lortutako emaitzak ospatzen. RONALD WITTEK / EFE Eskarmentu handiko politikaria da Merz (69 urte), ibilbide luzekoa. 1989an igaro zen politikagintzaren lehen lerrora, Europako Parlamentuan parlamentari izateko aukeratu baitzuten. Bost urtez izan zen europarlamentari. Ondoren, hamabost urtez izan zen diputatua Bundestagean, are CDU-CSUren talde parlamentarioaren burua ere izan zen bi urtez, 2000tik 2002ra. Ordurako, baina, Merkel zen alderdiaren liderra, eta ez zuen harreman ona harekin. Orduan, politikagintza utzi, eta 2009tik 2021era sektore pribatuan jardun zen, munduko inbertsio funts nagusietako batean: BlackRocken. Politikaren lehen lerrora itzuli eta hiruzpalau urte geroago, kantziler bilakatzeko bidean da. Scholzek erabaki zuen, joan den azaroan, Berdeekin eta FDP Liberalekin osatutako koalizio gobernua haustea —bozak aurreratu zituen, hortaz; aurtengo irailean egitekoak ziren—, batik bat liberalen lider eta Finantza ministro Christian Lindnerrekin esparru ekonomikoan zituen desadostasunengatik. Sozialdemokratak eta Berdeak gastu publikoa handitzearen aldekoak ziren; liberalak, aldiz, ez. Aintzat hartu behar da Alemaniako BPG barne produktu gordina bigarren urtez jarraian jaitsi zela 2024an: iaz, %0,2, eta %0,3 2023an. Emakumezkoak, gizonezkoak baino ezkerrerago Bai gizonezkoen, bai emakumezkoen artean, CDU-CSU izan da bozkatuena, ARDren zundaketen arabera: gizonezkoen artean %30ek babestu dituzte kontserbadoreak, eta emakumezkoen %27k. Aldea handiagoa da, ordea, AfDren kasuan. Gizonen artean, %23k bozkatu dute alderdi ultra hori, eta emakumezkoen artean %17k. SPD alderdi sozialdemokratari gizonezkoen %15ek bozkatu diote, eta emakumezkoen %17k; eta Die Linke ezkerreko alderdiaren kasuan nabariagoa da aldea: gizonen %7k, eta emakumeen %10ek.