Bilbo Basket FIBAren Eurokopako finalerako sailkatu da
Bilbo Basket FIBA Eurokopako finalean izango da. Zail zirudien, finalerdietako joaneko partidan Dijonen (Frantzia) 19 puntuz galdu eta gero. Are gehiago, gaur partida amaitzeko bost minutu eta erdi falta zirenean soilik hiru puntuko errenta baino ez zuelako: 66-63. Baina azken bost minutuetan 28-2ko partzial bat lortu dute. Ezinezkoa zirudiena posible egin dute, eta kirolean tarteka gertatu ohi diren ezusteetako bat eman da. Bilbotarrak 98-67 gailendu dira, eta finalerako sailkatu dira. Hala, klubaren sorreraren 25. urteurrenean, Europan garaikur bat irabazteko aukera izango dute, eta ospakizunei ginga jarri. Klubaren ibilbidean bigarren finala izango da, 2010-2011 urtean jokatutakoaren ostean. Oraingo honetan PAOK Salonika izango du kontraria, eta bi partidara jokatuko da, apirilaren 16an eta 23an. Joanekoa Salonikan jokatuko dute, Grezian, eta itzulerakoa Bilbon 19 puntuko desabantaila iraultzeko, ezinbestekoa zen Bilbo Basket hasieratik bete-betean aritzea, eta hala egin du. Bikain irten da kantxara, eta 7-0 jarri da aurretik. Bizi jokatu du erasoan, eta defentsan oldarkor. Frantziarrei, berriz, kostatu egin zaie erasoan asmatzea, batez ere hiruko marratik. Bost eta zazpi puntu arteko errenta horri eutsi diote bilbotarrek, eta azkenean zortzikoa izan da lehen laurdenaren amaieran: 20-12 Bigarrenari ere oso ondo ekin dio, eta 10 puntura igo du abantaila. Lan erdiak eginda zituen emaitza horrekin. Baina zail zirudien ezarritako erritmo bizi horri eustea, eta apur bat jaitsi denean, frantziarrak hobeto moldatu dira. Haien ahalmen fisikoa baliatu dute eraso estatikoan, jokaldi luzeak eginez, eta 6-0eko partzial batekin lau puntura gerturatu dira: 26-22. Erasoan, gainera, hainbat minutu eman dute asmatu ezinik Bilbo Basketekoek. Marvin Jones eta Tryggvi Hlinason pibotak min hartuta egonda, bilbotarrak hiruko jaurtiketen bidez saiatu dira askotan puntuak sartzen. Baina ez dira fin aritu. Lehen bi laurdenetan hamasei ahalegin egin dituzte hiruko marratik, eta hiru baino ez dituzte sartu. Jaurtiketetako batzuk presaka egin dituzte. Saskiratze errazak behar zituen Bilbo Basket, defentsako errebotea ondo zaindu, eta kontraerasoan bizkor atera. Baina nahi baino gutxiagotan lortu du, eta aldageletara bost puntuko errentarekin joan dira: 35-30. Lehen zatian ez bezala, bigarrenari hobeto ekin diote frantziarrek. Baina segidan bi hiruko sartu ditu Bilbo Basketek, eta zazpi puntura handitu du aldea: 43-36. Frantziarrek ondo zaindu dute De Ridderren eta Pantzarren jarduna, eta horrek gutxitu egiten zituen Bilbo Basketek kanporaketa iraultzeko zituen aukerak. Denbora aurrera zihoan, eta horrek Dijoni egiten zion mesede. Bilbotarrek beste martxa bat eman behar zioten neurketari hirugarren laurdenaren azken minutuetan, azkenengoan abaguneren bat izateko. Hala egin dute, eta hiru minutu eta erdi falta zirenean laurden horretako alderik handiena lortu dute, bederatzi puntukoa: 54-45. Azpimarratzekoa izan da minutu horietan Bassala Bagayoko gaztearen ekarpena. Maliko jokalariak 17 urte besterik ez ditu, eta udan iritsi zen Bilbora. Etorkizun handia duela erakusten ari da, batez ere ausarta dela. Gaur berretsi du. Baina pare bat defentsetan huts egin du Bilbo Basketek, eta Dijonen zazpi puntu egin ditu segidan: 54-52, laurdena amaitzeko minutu eta erdi falta zenean. Miraria azken laurdenean Azken laurdenari lau puntuko errentarekin baino ez dio ekin Bilbo Basketek: 56-52. Baina berehala berdindu du partida Dijonek: 56-56. Mirari behar zuten bilbotarrek. Dena den, tinko jarraitu dute lanean, gutxienez partida irabazteko helburua zuten. Hala, denboraldi honetan Miribillan jokatutako FIBA Eurokopako partida guztiak irabaziko zituzten. Jokaldiz jokaldi aldea murrizten joan dira. Hori lortu ahala, frantziarrak urduritzen joan dira, eta saskia are txikiagoa egin zaie. 66 puntutan geratu dira kateatuta. Bilbo Basketek balentria posilbe zela ikusi du. Miribilla infernu bilakatu da, eta partida amaitzeko minutu eskas falta zela 21 puntuko errenta zuten bilbotarrek. Kanporaketa iraulia zegoen. Festa azken jokaldian biribildu du Cazalonek, birrintze batekin.




