Harivenasak 50 lanpostu sortuko ditu Arakilen, gobernuaren laguntzaz
Harivenasak lehen sektoreko industrian jarduten du; Nafarroako Rural Kutxaren adar bat da, eta, nagusiki, olotik eta bestelako zerealetatik —espeltatik, garagarretik, garitik eta zekaletik batik bat— eratorritako produktuak ekoizten ditu: irinak, malutak eta aleak, batez ere. Produkzio katean hasieratik amaierara arte kontrolatzen du prozesua.
Konpainiak dagoeneko badauka lantegi bat Getzen, Ibargoitin, Noainen eta Iruñearen artean. Lantegi horrek 50 langileri ematen die enplegua, zuzenean eta zeharka. Arakilen martxan jarriko duten plantarekin, beraz, ehun pertsona enplegatuko ditu denera, zuzeneko eta zeharkako langileak kontuan hartuta.
Hiru erakundeetako ordezkariek sinatu zuten atzo hitzarmena: Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordeak, Jose Maria Aierdi Nasuvinsa sozietate publikoko zuzendariak, eta Harivanesa konpainiako ordezkari Alberto Loizatek eta Javier Berasaluzek.
Hain zuzen ere, Nasuvinsak lagundu dio Harivensa konpainiari neurrirako lursail industrial bat bilatzen, lurraldeko industria sustapena baita Nasuvinsaren egitekoetako bat. Azkenean, Arakilgo Udalarekin lankidetzan, sozietate publikoak Etxarren aurkitu du Harivensaren planta ezartzeko toki egokia.
Nasuvinsak nabarmendu du, gainera, kokapenak baduela garrantzia, lantegi berri bat irekitzeak eta enplegua sortzeak berebiziko inportantzia daukalako Sakana bezalako eskualde batean, non langabezia tasa %26raino igo baitzen 2008ko krisiaren osteko urterik gogorrenetan. Nasuvinsak joan den abenduan bereganatu zuen Arakilgo lursaila, eta 1,5 milioi euroko inbertsio bat jarri du martxan zorua erosteko eta lehen urbanizazio lanak egiteko.
Industrialde berria
Etxarrengoa Nafarroako Gobernuaren Ekonomiaren Garapenerako Departamenduak Nasuvinsa sozietate publikoarekin Sakanan egindako bigarren ekinaldia da. Lehenengoa Irurtzungo industrialdea eraberritzeko egindakoa izan zen: 2016an Iruñeko gobernuak Inasa enpresa zenaren lantegi zaharra erosi zuen, hark fabrika itxi eta gero, eta bertan eraldaketak egin zituen industrialde bat sortzeko.
Nafarroako Gobernuak zazpi milioi euro inbertitu zituen Irurtzunen industrialde berri bat sortzeko, eta orain zazpi enpresa daude bertan: 240 langile enplegatzen dituzte denera, eta 140 milioi euro fakturatzen dituzte.
Prestazioak osatzea eskatuko diote pentsiodunek Eusko Jaurlaritzari martxoaren 28an

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Pentsiodunen Mugimenduetako ordezkariak Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketarako sailburuarekin bilduko dira 2019ko martxoaren 28an.
Basque Culinary Centerrek abangoardiako sukaldaritza programa bat aurkeztu du

Basque Culinary Centerrek online prestakuntzaren aldeko apustua egin du, eta abangoardiako sukaldaritza-tekniketan espezializatzeko programa bat aurkeztu du.
Volkswagenek ez du ibilgailu elektrikorik egingo datozen urteotan Landabenen

Volkswagen ha asegurado que la marca alemana no prevé fabricar un modelo eléctrico en su factoría de Landaben, en Navarra, en los próximos tres o cuatro años.
% 80 igo da autoen eskaera Renove Plana hasi…

Duela 15 egun Renove Plana hasi zenetik % 80 igo da autoen eskaera EAEko saltokietan. Gas isuri kutsakorrak jaistea da egitasmoaren helburua.
237 ‘txaleko hori’ atxilotu dituzte Frantziako protestetan

Macron presidentea Pirinioetako eski estazio batean zen oporretan, eta Parisera itzuli da krisi mahaiarekin biltzera. Neurri zorrotzak hartuko dituela iragarri dute.
BERDELA: SARTU ETA AGORTU, DENA BAT
Martxoaren 1ean hasi zen baxurako arrantzontzien 2019ko sasoia, eta, lehen egunetan antxoa pixka bat harrapatu bazuten ere, asteon sartu da berdela, eta antxoaren lekua hartu du arrantzaleen sareetan. Sartu da berdela, bai, baina sartu eta agortu, dena izan da bat. Haserre samar mintzo da Getariako Kofradiako presidentea, Emeterio Urresti: «Berdelaren kuota datorren astean agortuko da».
Amuko berdela, luzeago
Europako Batasunak %20 txikitu du 2019rako berdel kuota, 24.597 tonaraino. «Oso txikia da kuota: berdela sarean harrapatzen duen ontzi bakoitzak 60.000 kiloko kuota dauka, eta batzuek ja 50.000 kilo arrantzatu dituzte aste honetan». Aste hau laburra izan da baxurako arrantzaleentzat, eguraldi txarragatik portuan geratu direlako pare bat egunez. Ontzi askok, beraz, egun bitan edo bakarrean ia agortu dute berdelaren kuota.
Arantzamendik ere uste du datorren astean agortuko dela berdela sareko harrapatzaileentzat, baina amuarekin harrapatzen dutenek pixka bat gehiago iraungo dutela berdeletan. «Amukoek 10.900 kiloko kuota daukate pertsonako, marineleko». Azaldu duenez, baxurako ontzi horiek euren burua neurtu nahi dute, berdelaren kanpaina gehiago luzatzeko. «Ez dute nahi egunean 4.000-5.000 kilo baino gehiago ekarri portura, luzatzeko».
Ondarroa eta Getaria dira Bizkaiko eta Gipuzkoako portuen artean arrain gehien porturatzen dutenak. Bi portuen artean, 2017an lehorreratzeen %66 izan zituzten: 18.921 tona Ondarroak, eta 12.079 tona Getariak. Eustatek argitaratutako azken datuak 2017koak dira, baina Arantzamendik azaldu du iaz 20.000 tonara ailegatu zela Ondarroa. Bizkaiko portuak, 2017an, 26,5 milioi euroren salmentak egin zituen Kofradiako enkantean, eta Getariakoak, 25,2 milioi eurorenak.
Berdelaren kuota txikia dela diote bai Arantzamendik bai Urrestik, baina ez datoz bat arrazoietan. «Europan hartzen diren erabaki asko zientzialarien datuetan oinarritzen dira, eta batzuek erosi egiten dituzte zientzialariak», dio Getariako Kofradiako buruak. «Guk itsasoan berdel asko ikusten dugu, baina norvegiarrek diote iparraldean gutxi daukatela. Guk ez dugu sinisten».
Arantzamendik, aldiz, sinisten du. «Ni fidatzen naiz Aztiren txostenez. Biomasa txikia dago iparraldeko uretan. Berdela goitik behera etortzen da, eta han daukate arazoa; beti egoten den tokian daukate, orain, gutxiago. Zergatik? Emigratu egin du berdelak? Ez dakigu ondo… Beharbada, iparralderago doa; Errusia parterantz ari da igotzen».
Aztiren azken ikerketen arabera, klima aldaketak ura berotzea ekarri du, eta arrain espezie batzuk iparralderago ari dira kokatzen euren habitata: berdela, hain zuzen, hamarkadako hamasei kilometro iparralderago ari da mugitzen 1992az geroztik.
Arrantza jasangarriaz
Berdelaren aurtengo kuota txikiegia dela? Ondarroako Kofradiako presidentearen ikuspegia beste bat da: «Esango nizuke zientzialariek, beharbada, bost urtez debekatu nahi zutela berdelaren arrantza. Eta sardinarekin ere kontu; guk ez badugu mozten, Bruselak moztuko digu. Sardina arriskuan dago: kuota jarri behar zaio. Sardina gutxi igartzen da itsasoan, eta motzagoa».
Legedi berria sartu da aurten indarrean Europan arrantzarako: itsasontziek ezin dute itsasora bota arrain erreusik —txikiegiak edo nahi ez dituztenak—; dena porturatu behar dute, nahiz eta gero ezin saldu legez kanpoko arrainik. Arrantzak eragindako arrainen heriotza tasa erreala ezagutzea da helburua.
Baxurako ontzidiak ez du beldurrik, nahiko arrantza selektiboa daukatelako. «Benetan arrantza jasangarria sustatu nahi badute, arrastea debekatu behar lukete», dio Urrestik. Eta begiz jota dauzka berdela marinel gutxiko arrasteko itsasontzi industrialekin harrapatzen duten norvegiarrak: «Dena txikitzen dute; a zelako krimenak egiten dituzten. Aldiz, guri, Europan, hirugarren mundukoak deitzen digute, teknika artisauak erabiltzeagatik».
Erneguak ernegu, aurtengo kanpainari begi onez begiratzen diote bi kofradiaburuek. Batez ere bost espezieren arrantzak ateratzen dio urtea baxurari: berdelak, antxoak, hegaluzeak, hegamotzak eta sardinak.
Arantzamendiren esanetan, urtearen aurreikuspena ona da, bai behintzat berdelari eta antxoari dagokionez. «Antxoaren prezioa ez da jaitsi 1,30 eurotik. Ondo dago hori; dirua da». Gainera, Aztiren arabera, antxoa gazte asko dago itsasoan: 490.000 tona. Berme bat da Bizkaian eta Gipuzkoan antxoaren inguruan lan egiten duten 3.500tik gora pertsonentzat.
Urteko erronka nagusia, Arantzamendirentzat, Ondarroako lonja berriaren eraikuntza da: martxoaren 1ean hasi ziren lanak, eta bi urtez iraungo du lanik handienak. «Bi urtez deserosoa izango da hemen lan egitea, eta bezero batzuk, Galizia eta Kantabriako ontzi batzuk, beste portu batzuetara joango dira. Baina lonja egindakoan etorriko dira bueltan. Ondarroako indargunea salmenta da: erosle asko dauzkagu».
Mekanikariek ez dute ardi elektrikoekin amets egiten
1 Ez al zen, ba, dena abantailak auto elektrikoarekin? Galdetu ezazu auto tailerretan… Ez daude oso pozik.
2 Haiek ere ahalegin bat egin beharko dute planetaren alde, ezta? Kalkulatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 228 milioi euroko ahalegina egingo dutela. 601 milioiko fakturazioa lortu zuten 2017an, eta auto gehienek motor elektrikoa dutenean %40ko galerak izango dituztela dio Solera enpresaren aurreikuspenak; haren aurretik egindako beste ikerketa batzuen lerro berean doa lan hori.
3 Baina zergatik? Auto elektrikoak ez du behar oliorik, iragazkirik, banaketa uhalik, injektorerik, bujiarik, ihes tuturik… Eta, behar ez dituenez, ez dira ordezkatu behar aldiro, ez dira matxuratzen. Tailerrek egin beharrekoa txikiagoa da; hau da, mantentzea askoz soilagoa da. Eta beraz, jarduera txikiagoa da, eta fakturazioak hori guztia islatuko du, noski.
4 Ez dute esango, ba, prestatzeko betarik izan ez dutenik… Asmatuko dute zerbait negozioari eusteko… Asmatuko dute, seguru, baina horretan ari dira oraindik, aurreikuspen ezkorrak oinarri sendoa baitu. Ba al dakizu zer duen Teslaren Model X-ak kapotaren azpian?
5 Zer? Ezer ere ez.
6 Baina bateriak eta hari lotutako pieza berriek ez dute konpentsatuko gasolinaren eta dieselaren pieza zaharren baztertzea? Hein batean bakarrik. Auto elektrikoa gutxiagotan sartuko da tailerrera, eta konponketak azkarragoak izango dira. Mekanikariek lan ordu gutxiago egingo dituzte, baina ikusteko dago lan ordu horien salneurriaren eboluzioa nola izango den, bai bailiteke nabarmen garestitzea.
7 Ez duzu, ba, pentsatuko geroak merkatze bat ekarriko duela autoaren alorrean? Ez, noski, eta aurreikusten hasi da tailerrei bizi-bizirik eutsiko liekeen aldagai bat. Auto elektrikoarekin batera, auto autonomoa zabaltzen hasiko da. Baliteke auto horiek istripu gutxiago edukitzea eta, hortaz, txapa eta pintura esparruetan tailerrak galtzen aterako lirateke, baina….
8 Baina handi baten traza dauka horrek… Matxurak askoz ere garestiagoak lirateke auto autonomoetan. Matxura gutxiago bai, baina garestiago ere aurreikusten da etorkizunerako. Oraindik, ordea, goizegi da jakiteko auto elektrikoak zenbaterainoko kaltea egingo dien tailerrei, Euskal Herriko auto guztien matrikulazioen %1 ere ez baitira.
9 Auto mekanikariek lasai egin dezakete lo orduan? Tailer ofizialetakoek lasaiago seguru asko, zalantzarik ez baitago datozen hamarkadetan aldaketak nabaritzen hasiko direla, eta eraldaketa handia datorrela sektorean. Auto ekoizleek egoera hori balia dezakete mantentzea eta balio erantsia duten konponketak beren tailer ofizialetan monopolizatzeko. Mekanikari gehienek ez dute ardi elektrikoekin amets egiten, hori seguru.
‘Txaleko horien’ protesta eta istilu larriak Frantziako Estatuan

Parisko Poliziak jakinarazi du 121 lagun atxilotu dituela istiluetan, eta ur kanoiak eta negarra eragiteko gasa erabili dituzte protestarien aurka.