Fermin Muguruzak bere egin zuen Paris
Eszenifikazio ikusgarria, musikarien bikaintasuna, haien arteko sinkronizazio akasgabea, soinuaren kalitatea, errepertorioaren hautaketa zaindua, abestien ordena, batetik besterako jarraitasun landua edota doinu zaharrak zein berriagoak gaurkotasun berberaz jotzeko naturaltasuna. Horra Fermin Muguruzaren bandak Parisko aste antikolonialistaren barruan eskainitako akelarrea esplika lezaketen zenbait adibide. Eta hori gutxi balitz, Fermin Muguruzaren beraren gaitasun txundigarria. Harena lidergoa baino gehiago da. Harena ikus-entzuleak transformatzeko eta kontzertuaren parte eta protagonista sentiarazteko magia da. Harenak, motz esanda, ez du parerik. Begiak arranpalo eta irribarre ezin zabalagoaz egiten zion so publikoak ikuskizunari, eta, halaber, etxeko sukaldean balego bezala kantatzeari eta dantzatzeari utzi gabe. Berea zelako festa, Fermin Muguruzaren bandarena bezainbeste. Eta han biziberritzen eta ospatzen ari zena herri baten bizinahiaren 40 urteko grina zelako, Fermin Muguruzaren ibilbide oparoarena bezainbeste. Ezerk ez zuen bi ordu eta erdiko libertimendua ilundu, ezta anaiari eskainitako perla sentituak ere. Iñigoren heriotzari baino gehiago, haren bizitzari egin baitzioten gorazarre, Lide Hernandoren ahotsaren indarrez —bide batez, zer-nolako talentua Hernandorena!—. Ez da exajerazioa La Cigale aretora bildutako milaka lagunek Iñigo bertan sentitu zutela esatea. Arrazoi zuen Muguruzak biraren harira esandako hitzetan: Parisko kontzertuak ez baitzuen iraganaren nostalgiarik transmititu; talde ezin potenteago baten proiekzioa eta haien aldeko harrotasuna nagusitu baitziren minutu oro.

