Madrilek berriro baztertu du ‘Gernika’ Euskal Herrira ekartzea
Espainiako Gobernuak ezezkoa eman dio berriro Pablo Picassoren Gernika margolana Euskal Herrira ekartzeari. Espainiako Kultura ministro Ernest Urtasun izan da oraingoan Eusko Alderdi Jeltzalearen eskaerari «ezezko biribila» eman diona, eta margolana behin-behinean ekartzea ere baztertu du. Segurtasun kontuak erabili ditu argudio modura, uste baitu Gernikako (Bizkaia) bonbardaketaren 90. urteurrena gogora ekartzeak modua eman behar duela obra horrek beste 90 urte beteko dituela bermatzeko: «Nire lana da ondare baliotsu hori babestea». Gernika Euskal Herrira ekartzearen eskaria aspaldikoa da, baina azkenaldian indartsu itzuli da berriro: orain bi aste egin zion galdera Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta lehendakariordeak Urtasuni. Kontu bakarra eskatu zion: Gernika koadroa Bilboko Guggenheim museora ekar dezatela. Egun gutxi batzuk geroago, gai berari heldu zioten Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, eta lehendakariak erran zuen «erreparazio sinboliko eta politikoa» litzatekeela artelana Bilbora ekartzea. Gaurkoan, berriz, EAJko Igotz Lopezek Senatura eraman du gaia, eta azalpenak eskatu dizkio Urtasuni. Alegia, zergatik egiten dion uko Gernika lekualdatzeko «beharrezko baldintzak aztertzeari». Urtasunek azaldu du XX. mendeko margolanik zaurgarrienetako bat dela, eta ezin duela estres gehiago jasan. EAJren eskaria ulertzen duela erran du, baina teknikoei entzun behar zaiela adierazi die koadroa mugitzearen aldekoei. Mugimendu txikienek ere lana kaltetu dezaketela nabarmendu dute. Pradalesek azterketa posibilista bat egitea galdegin zion Espainiako Gobernuari, ikusteko nola mugi litekeen koadroa inolako kalterik eragin gabe. Eta, hain justu, ideia hori berrestera joan da Lopez Senatuko kontrol bilerara, baldintzak azter ditzala exijitzera. Eztabaida bi gobernuen artekoa izanagatik, Reina Sofia museoa tartean sartu da, eta eskakizunaren kontra agertu. «Gobernu moduan, itxaroten ari gara oraindik, ez baitugu inolako erantzunik jaso», erran du gaur Bengoetxea sailburuak, Urtasunen erantzunaren aurretik. Jakinarazi du ez dutela onartuko teknikoki lan zaila dela erratea, edo, are, mantentze lanengatik ezinezkoa dela erratea: «Eskatzen duguna begirada aldatzea da. Eta galdera zehatz bat daukagu: zer beharko luke koadro horrek etxera etorri ahal izateko? Zein dira bete beharreko baldintzak, eta nola berma ditzakegu, daukagun garapen teknologikoarekin eta ezagutzarekin?». Erantzun baten gibeletik ez ezik bi museoen arteko lankidetza lortzeko ahaleginean ere ari direla kontatu du Bengoetxeak. Eztabaida sareetan Bederatzi hilabeterako nahi du Eusko Jaurlaritzak margolana Bilbon, aurtengo urriaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitarte; nagusiki, aurten izanen delako Gernikako bonbardaketaren eta Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena, eta, gainera, koadroa lekualdatzeak «bakearen aldeko mezu bat» bidaltzeko balio lezakeelako. Politikariak etengabe ari dira sareen bidez kontu horren inguruan solasean. Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak, kasurako, herenegun erran zuen abertzaleen eskaerak «zentzugabeak eta baldarrak» direla, eta sortutako iskanbila guztia «negozio politiko» baten parte bertzerik ez dela. X sare sozialaren bidez solastatu zen Ayuso, eta horren bidez erantzun zion Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak: «Isabel, Kondor Legioa izan zen zuretarrek Gernikari egindako ekarpena. Gernika Euskal Herriarena da! Beti antifaxistak! Gora Euskal Herria askatuta!». Segidan, Laura Garrido PP Alderdi Popularreko legebiltzarkidea EAJri eta Eusko Jaurlaritzari mintzatu zitzaien, eta «sekula beteko ez diren espektatibak sortzea» aurpegiratu zien biei. «Ezin dira nahasi nahia eta errealitatea. Euskaldun guztioi gustatuko litzaiguke Gernika Euskadin egotea, baina teknikoki bideraezina da». Edonola ere, ez da koadroa lekualdatu nahi duten estreinako aldia. 1997an, erraterako, gaurko eskaera bera egin zioten Espainiako Gobernuari, baina Reina Sofia museoak gibelera bota zuen eskakizuna. Xabier Arzalluz zen orduan EAJko presidentea, eta entzutetsua izan zen hark Madrili emandako erantzuna: «Betiko kontuaren itxura hartzen diot honi: Euskadirentzat bonbak, eta Madrilentzat artea».