Berdelaren kosterari eutsiko diote euskal arrantzaleek
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak berdel bila irtengo dira udaberrian. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak arrantzaldia bertan behera utzi ala ez aztertu dute gaur Madrilen, eta ordu luzez bildu ondoren hari eustea erabaki dute. Europako Batasunak kuota %73 murriztu izanak kosteraren bideragarritasun ekonomikoa kolokan jarriko duela ohartarazi dute arrantzaleek, baina uste dute sakrifizioak ez duela zentzurik Europako iparraldeko herrialdeek ere haien jarduna bertan behera utzi ezean. Haiei egozten diete berdel kopuruak azken urteetan izan duen beherakada handia. Ezusteko erabakia da, arrantzaleen nahia kostera bertan behera uztea baitzen, eta laguntza ekonomiko sorta bat aktibatzea. Duela hilabete azaldu zutenez, Europak ezarritako kuota eskasarekin —100 kilo eguneko— ezin dira ordaindu kosteraren berezko gastuak: soldatak, erregaia, konponketak… Are gehiago, gaineratu zuten eten biologiko bat onuragarria litzatekeela espeziearentzat. Izan ere, Kantauri itsasoan —eta Ozeano Atlantikoan, oro har—, oso berdel gutxi dago. EBko zientzialariek hala berretsi dute, eta horregatik murriztu du kuota laurden batera. Iazko arrantzaldia ere txarra izan zen amua erabiltzen duten Bizkaiko ontzientzat. Euskal arrantzaleek kuotaren %73 baliatu zuten bakarrik, arraina ur sakonagoetan ezkutatzen ari baita, sare eta arrasteontzien mesedetan. Debeku orokorraren alde Euskal arrantzaleen nahia, dena den, berdelaren arrantza Europa osoan debekatzea da. Kofradiek publikoki salatu dute Europako iparraldeko herrialdeek eragin dutela berdelaren gabezia, urteak daramatzatelako gehiegi arrantzatzen. Eskaera egitean, Bizkaiko antxoarekin gertatutakoa oroitarazi dute arrantzaleek. Espezie hori ere gehiegi arrantzatu zuten, eta Bizkaiko golkoan haren arrantza debekatu egin zuten lau urtez, 2005etik 2009ra. Denbora horretan diru laguntzak jaso zituzten antxoa harrapatzera irten ezin izan ziren ontziek. Bost urte haiek espeziea berreskuratzeko balio izan zuten, eta iragan abenduan azken hogei urteko batezbestekoa halako bi antxoa gazte zeudela egiaztatu zuen Aztik.